Goizez, Juanita Alkain eraikina festa erraldoia izan zen: bertako ikasleek Korrika Txikia egin zuten, eraikinari buelta emanaz. Ez ziren bakarrik egon, LH3tik 6rako ikasle guztiak errepide bazterrean izan baitzituzten animoak ematen. Ondoren, denok elkarrekin, Juanita Alkaingo ikasleek prestatu eta irakurritako eusakararen aldeko manifestua entzun zuten. Honen ondoren, hain maitea duten Kidetzea egin zuten, goiza kantari eta dantzari bukatuz.
Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek ere Korrikaren lanketa berezia izan zuten egun osoan zehar: dokumentalak, ihes-gela, jolasak… Eguerdi partean Korrika Gaztean parte hartu zuten eta gau partean iritsiko zen Korrika Nagusiari begira entrenamendu ezinhobea izan zen herrian zehar korrika aritzea.
Arratsaldean, LH3tik 6rako ikasleek herri mailako Korrika Txikian parte hartu zuten eta gogotsu oihukatu zituzten euskararen aldeko aldarriak.
Andoaingo Korrika Batzordeak antolatu zituen ekitaldietan parte hartu ondoren, hainbeste espero genuen unea iritsi zen: martxoaren 24a jaio berria zela iritsi zen Korrika Andoainera eta ohi dugunez, Ikastolak hiru kilometrotan hartu zuen parte: ikasleek euren borondatearekin erositako kilometroa Karrika auzoan izan zen, eta bertan zeuden lekukoa hartzeko Maddi Uribesalgo, Maren Urdangarin eta Ane Escribano ikasleak; orain gutxi arte ikastolako lehendakari izan den Xabier Etxeberriak eraman zuen lekukoa Dr. Huizi kalean eta hurrengo lekuko aldaketan zituen zain Iratxe Larraz, Bakartxo Irastorza eta Sara Santa Kruz irakasleak, langilegoaren kilometroa egiteko prest.
Bi urte barru ere Korrikaren zain izango gara!