Juanita Alkainean, aniztasunaren banderako koloreekin jolasean aritu ziren, bakoitzari bere esanahia emanez eta horren inguruan hausnarketa ezberdinak eginez. Eskulan ugari sortu zituzten, eta Juanita Alkaineko txokoak ortzadarraren kolorez apaindu zituzten. Gainera, aldarrikapenez beteriko musikak girotu eta alaitu zuen eguna.
Lehen Hezkuntza 3-6ko ikasleen kasuan ere, aldarrikapenaren inguruko gogoetak izan ziren protagonista gela guztietan. Ondoren, gaztetxoenek masailak edo besoak margotu zituzten eta zaharrenek tatuajeak jarri zituzten. Bukatzeko, talde txikietan bildu eta ikasleek kartelak egin zituzten, mezu, irudi eta aldarrikapenekin.
Bigarren Hezkuntzako ikasleek lanketa berezia egin zuten oraingoan. Eurek sortu zituzten ikasle gazteagoentzat maiatzaren 17a aldarrikatzeko kartelak, gelak kolorez apaindu zituzten eta gaiari buruz gogoz hausnartu eta hitz egiteko unea izan zuten.
Ikastola osoan, argi geratu zen munduan pertsona adina identitate sexual dagoela eta denak errespetatzen ditugula.