Juanita Alkain eraikinean, txikienek Daniela Pirataren ipuina eta Urdaburutarrak ipuina irakurri eta landu egin zituzten. Ondoren, batzuk aurpegietan partxe moreak margotu zituzten eta pirata more bihurtu ziren egun batez. Besteek aldarrikapenekin pultserak egin zituzten.
Txistokiko Lehen Hezkuntzako ikasleek ere gelan hausnarketa eta lanketa ezberdinak egin zituzten. Hirugarren mailako ikasleek babesaren lorategiak sortu zituzten eta lau, bost eta seigarren mailakoek tratu onen inguruko lanketak egin zituzten.
Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek sentsibilizazio saioak burutu zituzten gaiaren inguruan: bideoak ikusi zituzten eta mahai inguruak antolatu ziren. Ekarpen oso interesgarriak egin zituzten eta gaia aztertu zuten.
Hala, modu ezberdinetara, Aita Larramendi Ikastolan emakumeenganako indarkeriaren aurka gaudela aldarrikatu genuen.