Ez dakit, eta zer?

Erabiltzailearen aurpegia Leire Zubeldia 2009ko aza. 2a, 13:51

– Ba al dakizue zeintzuk diren Iparraldeko hiru probintziak?
– ...
– Inork ez al daki? Ea ba, zuk (hatzarekin seinalatuz) erantzungo al zenidake?
– ...
– Baina, ez al dakizue? Ea, eta ondokoak?
– Bat Lapurdi, ezta?

Jakingo al zenukete elkarrizketa hau bere testuinguruan kokatzen? Bai, zuetariko askok pentsatu duzuen bezala, elkarrizketa hau ikasgela batean sortu zen. Baina ez ematen duen bezala Lehen Hezkuntzako 3. 4. edo 5. mailako gelan. Galdera hau euskara eta bere didaktika ikasgaiko irakasleak egin zien EHUko Donostiako Irakasle Eskolako ikasleei; etorkizunean, Lehen Hezkuntzako haurrei irakatsiko dieten irakaslegaiei, hain zuzen ere. Bati galdetu zion lehenik; ezer ez. Beste bati ondoren; ezta ere. Inork ez zuen erantzuna zekienaren imintziorik txikiena ere egiten, hirugarren batek erantzun osoaren zatitxo bat eman zion arte: “Lapurdi! Hori da, bat badaukagu eta besteak?”. Bien bitartean irakasleak ezin zuen bere harridura disimulatu. Azkenean, ahots gogaitu bat entzun zen mahai ilara luzeen artetik. Honek osatu zuen erantzuna: “Behe Nafarroa eta Zuberoa”.

Irakaslea (euskalzale porrokatua) eskua bihotzean zuela irten zen gelatik. Niri ere zer pentsatua eman zidan gertatutakoak. Izan ere, eta gertaerak orokortzea zuzena ez den arren, Irakasle Eskolako gela hori egungo euskal gazteriaren lagin txiki bat izan daiteke. 18 eta 19 urteko gazte horietako askok ikastolan egin dituzte derrigorrezko ikasketak, zenbaitzuk baita batxilergoa ere.

Berdin dio, ordea. Sare publikoan ikasitakoek ere jakin beharko lituzkete frantziar administrazioaren menpe dauden hiru euskal probintzien izenak. Nire asmoa ez da ikastetxeei errua botatzea. Eurak ez dira ezjakintasunaren errudunak, inondik inora ere. Ikasleak, gazteak, oro har, jendeari ez zaio axola ez jakitea. Ez dakite eta ez dira ohartzen ez dakitenaren garrantziaz. Hori da larriena. Are gehiago: Esango nuke jendeak ez duela jakin nahi. Gure zilborraren inguruan mugitzen denaz jakitea nahikoa da. Zertarako gehiago? Zoriontsuak gara horrela! Ez dakit, eta zer?  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!