Panem et circum

Erabiltzailearen aurpegia Leire Zubeldia 2009ko eka. 3a, 19:47

Hamaikana jokalariz osatutako bi taldek baloia bata bestearen atean sartzean datzan kirola. Definizio horixe aurkitu dut hiztegian, “futbol” hitza begiratuta. Egia da. Hori da futbola. Baina ez hori bakarrik. Denok dakigu askoz ere gehiago dela. Beraz, ez dut sekreturik kontatuko. Soilik gertaera bat kontatuko dut.

Bartzelonak Txapeldunen liga irabazi zuen gauean, Nigeriako Port Harcour hirian, lagun talde bat kataluiniarren garaipena ospatzen ari ziren. Taldeko izarren izenak oihukatzen zituzten. Egun, Bartzelonan ez dago Nigeriako jokalaririk; baina ez dio axola. Zeruko izarrak baino ezagunagoak dira Bartzelonakoak. Elkar besarkatuz, besoak gora altxatuta, partida irabazi dutenak beraiek izan balira bezala, pozez txoratzen zihoazen kalean. Nigerian ordea, denak ez dira Bartzelona zaleak. Gau horretan, txanponaren beste aldean geratu zen herrikide bat hurbildu zitzaion lagun talde honi. Manchester United-ko zalea autobus bat gidatzen ari zen. Minduta zegoen, ingelesek, (bere herriaren kolonizatzaileek) galdu egin zutelako. Mina su bihurtu zitzaion Bartzelona zaleak garaipena ospatzen ikusi zituenean. Gorrotoak gaindituta, autobus gidariak bolanteari bira eman eta lagun taldearen kontra zuzendu zuen autobusa. Lau hil egin dira, eta beste batzuk larri zauriturik daude.

Zer axola ote die nigeriarrei Europako txapelduna bat edo bestea den? Bere herrian gertatzen diren sarraskiak baino gehiago axola al zaie futbola? Eta guri? Guk ere jaramon gehiago egiten al diogu errege kopa baten finalari, emakume baten erailketari edo Audientzia Nazionaletik datorren erabaki injustu bati baino?

Herria asaldaturik zegoenean, erromatar agintariek gladiadoreen ikuskizunak antolatzen zituzten. Helburua: Herritarrek ikuskizunarekin, benetako arazoak ahaztea. Ogia ere banatzen zitzaien, asetutako pertsona lasaiagoa baita gosez dagoena baino. Panem et circum, esaten zioten. Futbola ote da XXI. mendeko Panem et circum?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!