Sofarik gabeko mundua

Erabiltzailearen aurpegia Leire Zubeldia 2009ko ots. 18a, 13:36

Agian xelebrea irudituko zaizu, baina galdera hau bururatu zait: Zer gertatuko litzateke, munduko sofa guztiak desagertuko balira?

Gertaeraren lehenengo ondorioa, gu guztion disgustua izango litzateke. Izan ere, zenbat momentu on eman dizkigun sofak! Zenbat ordu soffing-a egiten! Lanean egun neketsu bat izan eta gero, etxera iritsi eta sofan luze etzateak ematen duen plazerra galtzea, galera handia da, ezta?  
Munduko sofa guztiak desagertuko balira, ziurrenik telebista gutxiago ikusiko genuke. Telebista kateek euren audientzia indizeak nola jaisten diren ikusiko lukete. Reality saio eta sasikazetaritza egiten duten programa zaborrak ere ez dira gai izango, telebista, hondorik gabeko zulo honetatik erreskatatzeko.

Eta zer gertatuko litzateke telebista aparatu ekoizle diren enpresa multinazionalekin? Sofarik ezean, alferrik baita ez dakit zenbat hatz-beteko pantailadun “plasma”. Berdin gertatuko litzateke, dvd irakurgailu, bideo-joko eta telebistaren osagarri diren tankera honetako aparatu guztiekin. Beraz, sofen desagerpenak ez lioke inongo mesederik egingo gaur bizi dugun krisi santuari. Are gutxiago, telebista digitalaren eskaintza egiten duten telefonia konpainiei, zeren kasu honetan, tabernara joango ginateke futbola ikustera. Dena den, ez kezkatu gehiegi honengatik. Gizaki kapitalistak asmatuko luke beste negozio bideren bat, edo bestela, beti izango dugu Internet.

Litekeena da baita ere, beste komunikazio medioak gehiago kontsumitzea. Eta agian, zorte pixka batekin, gehiago irakurriko luke jendeak. Antzerkiak, zinemak..., defizitarioak izateari utziko liokete beharbada. Baina gauza hauetan guztietan onena, agian, geure kabuz pentsatzen hasi gaitezkeela da. Euskararentzat ere ez litzateke kalte, sofan kontsumitzen edo egiten ditugun gauza gehienak erdaraz egiten ditugula jakinda.

Apustu egingo nuke, sofarik gabeko mundu berrian, gehiago hitz egingo genukeela etxekoekin. Harremanak estutuko liratekeela, gaurkotasuneko gaiez eztabaidatuko genukeela, eta galdutako zenbait balore berreskuratuko liratekeela. Edo nork daki; kontrako efektua ere izan dezake, agian beranduegi baita hainbat gauza zuzentzeko.

Sofak desagertzea, bizitza osasuntsu eta aktiboago bat izateko pilula ere izan daiteke. Historiara igaroko litzateke, Celtas Cortos taldearen“tranquilo majete en tu sillon” dioen kantua. Izan ere, sofak desagertzen badira, non “apalankatuko” gara? Horrelakorik ez da oraindik behintzat gertatu, eta Aiurriko irakurleekin dudan konpromisoa bete eta gero, sofara noa.

2009/2/20

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!