Harrotutako ume bat bezala

Erabiltzailearen aurpegia Leire Zubeldia 2008ko abe. 2a, 18:27

Lore sorta bana dago Joselu Geresta Ttotto eta Joxe Arregiren oroitarrien lekuan. Apirilaren 14an, hartu zuten eraildako bi herritarren omenez jarritako plaza izenak eta oroitarriak kentzeko erabakia. Ateak itxita egin zen udalbatzan, aho batez hartu zen erabakia, nahiz eta gero Aralar alderdiak kontrako iritzia agertu eta Ezker Batuarekin zuen koalizioa hautsi zuen. Herritarrek, udaletxe pareko plazatik jarraitu zuten plenoa, herria eta inguruak hartu zituzten ertzainen eta estatu osotik etorritako komunikabideen begiradapean. Minduta zeuden batzuk, beste batzuk amorraturik eta asko, harrituta, EAJ-EAk osatutako udalbatzaren jarrera ikusirik. Plenoa amaitzear zela, ertzainek udaletxeko plaza uzteko agindu zien bertan bildutako herritarrei. Abagune hori probestu zuen, Maria Anjeles Lazkano eta bere taldeak alde egiteko, gehienak Zizurkilen bizi ez direnez, euren herrietara joateko. Ostrukak burua lurpean ezkutatzen duen bezala ezkutatu ziren ziztu bizian autoen kristal beltzen beste aldean. Egin zutenarekin lotsatuta agian? Ez, inolaz ere ez. Azken aste hauetan Zizurkilgo Udalak ondo erakutsi du lotsarik ez duela. Ze kalifikatibo jar dakioke herritarrei iseka egiten dion Udalari? Diario Vascoren anaia bizkaitarrak, El Correo egunkariak apirilaren 21ean plazaratu zuen alean ikusi genituen Zizurkilgo EAJ eta EAko zinegotziak. Egunkari horretan eskainitako elkarrizketan, Zizurkil Goiko biztanleak iraindu zituzten:

“Gobernu taldeak Elbarrenako aniztasuna defendatzen du Zizurkil Goiko erreserbaren aurrean”, zihoen lehenik. Ondoren, “bereizketa hau, alderdi jakin bat agintean zegoela udaletxeak berak bultzatutakoa da”, adierazten zuten zinegotziek. Zizurkil Goiko “munduak” ez duela “mestizaiarik” nahi esanez jarraitu zuten, euren hitzetan, “udalerriaren goiko herrigunean dituzten pribilegioak mantendu ahal izateko”. Jarraian, ezker abertzaleak defendatzen duen langileen borroka eta ezkerreko politikaren arrastorik ez dutela nabaritzen adierazi zuten, eta aldiz begi bistakoa zela “Zizkurkil Goiko bizitza burgesa”. Definizio bat ezartzera ere ausartu ziren “BMWaren iraultza”.
Kazetariaren asmakizunak izan litezkeela pentsatu genuen hasieran, baina ez, eurek onartu dute argitaratutako guztia esan zutela. Zer lortu nahi dute horrelako adierazpenekin? Konturatzen al dira herriaz ematen ari diren irudiaz? Nola ausar litezke herritarrak modu horretan iraintzera? Zergatik egin zituzten adierazpen horiek hemen irakurtzen ez den egunkari batean? Galdera zerrenda luzea egin genezake Zizurkilgo Udalaren portaeraren aurrean, baina euren jarrera lotsagarria justifikatzen duen erantzun bakar bat ere ez dago. Izan ere,  hemen ez da zerrenda bukatzen: Apirilaren 14ko pleno entzutetsu hartan onartu zituzten 2008ko aurrekontuak eta Udal langileen plantila. Egun hutsik dagoen lanpostu bat murriztu egin behar dute, hori betetzeko deialdia egin beharrean. Udal langileek euren haserrea adierazi zuten hedabideetara bidalitako gutunarekin. AHTaren kontuarekin ere ez dabiltza batere fin. Kaltetu guztiekin biltzeari uko egiten diote, eta AHT Gelditu Elkarlanak antolatutako Gelditour ekimenari Kultur Etxea erabiltzea galerazi diote hilabete honetan bertan.
Harrotutako ume baten moduan ibili beharrean, Zizurkilgo Udalak hobe luke legealdi berri honetan egin behar omen zituen etxebizitzekin eta bestelako proiektuekin lanean hasiko balitz. Edo ahotik joaten zaie indarra? Zuek juzgatu.

2008ko maiatzaren 23a

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!