Ezer ez da aldatu

Erabiltzailearen aurpegia Leire Zubeldia 2008ko mar. 6a, 10:47

Euskal Herrian bizi dugun egoera makurrari buruz hitz egingo dizuet nik ere. Baina nondik hasi? Internetera jo nuen inspirazio bila, eta esaldi honekin egin nuen topo: Ezer ez da aldatu. Horixe zen behar nuen esaldia. Horra hor, lau hitz soiletan dena adierazita.

Zuetariko askorentzat etsigarria, ezkorra, esperantzari zirrikiturik uzten ez diona izan liteke aukeratu dudan titularra. Zoritxarrez ordea, egia da.  Ditxosozko efemeride eta urteurrenek erakusten dute hori. Hain zuzen ere, TATen (Torturaren Aurkako Taldea) web gunean egin nuen topo hitz horiekin. Otsailaren 13an ospatu zen Torturaren aurkako egunaren harira atera duten DVDaren izenburua da. Egun horretan, 27 urte bete ziren Joxe Arregi zizurkildarra torturapean erail zutenetik. Geroztik, eta gaur arte, ehunka euskaldun igaro dira torturaren ziega beltzetik. TATek egin duen 2006-07 txostenean bertan, 42 tortura kasuren berri ematen da. 2008an berriz, Igor Portu eta Mattin Sarasolaren kasuak izan dira besteak beste, hogeita hamar urte hauetan ezer ez dela aldatu adierazi dutenak.

Aipatutako DVDan, azken hamarkada hauetan torturak pairatu dituzten hainbat pertsonek, Ezer ez da aldatu poema irakurtzen dute. Tartean daude, Euskaldunon Egunkariaren kasuan atxilotu zituzten Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Pello Zubiria, Xabier Alegria eta Xabier Oleaga. Hauen ahotik ere, testigantza gogorrak entzun genituen duela bost urte. Bost urte, bai. Bost urte, Euskaldunon Egunkariarik gabe, bost urte Donostian Euskal Herriko manifestaziorik jendetsuena egin zenetik. Bost urte igaro dira, eta Euskaldunon Egunkariaren kasuan auziperatutako hamabi lagun epaiketaren zain daude. Guztira 300 urtetik gorako kartzela zigorrak eta 234.000.000 euro inguruko isunak eskatzen dituzte hamabi auziperatuentzat. Bi epaiketa izango dira: Itxierarena da bat, guztiok oroitzen duguna. Hemen, itxieraren egunean atxilotu zituzten Egunkariako zazpi kideak epaituko dituzte. 14 eta 12 urteko zigorrak eskatzen dira. Bigarrena, epaiketa ekonomikoa da. Hemen eskatzen ditu akusazio partikularrak eta fiskalak zigorrik handienak. Gehienak, 20 urtetik gorako zigor eskaerak dira. Azken honetan zortzi pertsona daude auziperaturik. Txema Auzmendi, Joan Mari Torrealdai eta Iñaki Uria, bi auzitan sartuta daude.

Prozesuaren gaineko informazio gehiago nahi duenak www.egunkaria.info web gunean aurkituko du.

Itxieraren bosgarren urteurrena dela eta elkarretaratzeak egin dira eskualdeko herri ezberdinetan. Hemendik aurrera eta epaiketa iritsi bitartean, euskaldunak ohituta gauden moduan, duela bost urte bezala, ezer ez baita aldatu.

Artikulu hau bitxikeria batekin amaitu nahi nuke: Euskaldunon Egunkariaren azken alearen azalean honako titular hau irakur zitekeen: Espainiako poliziak 14 pertsona atxilotu eta 18 etxe miatu ditu. Zerbait aldatu al da?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!