Etxeko lanak

Erabiltzailearen aurpegia Leire Zubeldia 2007ko mar. 13a, 11:07

Maiatza iristeko oraindik puska bat falta den arren, hasi da dagoeneko Udal eta foru hauteskundeen usaina zabaltzen. Ez da harritzekoa. Gure “demokraziaren” frogarik behinena omen da bozka eman ahal izatea. Are gehiago, Aiztondoko udalerri bateko agintari bati entzun nion behin “demokrazia lau urtez behin bozka ematea” dela. Zoritxarrez agintari askorengan zabalduta dagoen sindromea da hori. Amaitzera doan agintaldiaren balorazioa egiteko une egokia dela deritzot eta horregatik lerro hauek. Zizurkilgo alkate andereak, aldizkari honetako aurreko alean bertan egin zuen agintaldiaren balorazioa. Labur eta zehatz azaldu zuen: “Lau urte hauetan etxeko lan asko egin dugu Zizurkilgo udaletxean”. Egia da. Txintxo - txintxo bete ditu goikoen aginduak eta xorro–xorro etxeko lan mordoa aurreratu du. Guztia herriari ezer esan gabe, ezkutuan, ikaslerik lehiakorrenaren gisan. Horrela, bere ahotik ez, baina komunikabideen bitartez eta hainbat taldek egindako lanari esker jakin dugu, Gipuzkoako erraustegia Zizurkilgo lurretatik pauso batera jartzea onartu dutela gure Udal ordezkariek. Baina bada gehiago. Bagenekien AHTa eskualdeko gainontzeko herrietatik bezala, Zizurkildik ere egirako zela, baina ez genekiena zera zen: azpiegitura honen beharrak asetzeko, Zizurkilen harrobi bat egitea aurreikusita dagoela. Noiz eman behar zigun alkate andereak horren guztiaren berri? Edo ba al zuen horretarako asmorik? Herriari iritzirik ez zaio eskatu gai horien guztien gainean eta hori ere, agintariek egin beharreko etxeko lanen barruan sartzen dela uste dut. Maiatzaren 27an bai, orduan parte hartu ahal izango dugu erabakian. Orduan ikusiko dugu, etxeko lanak hain ondo egin dituen ikasleak herriak jarritako azterketa gainditzen duen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!