Europako aborigenak

Erabiltzailearen aurpegia Leire Zubeldia 2007ko mar. 13a, 11:06

Aretora sartu, eta zurrumurruak isildu egin dira argia itzaltzearekin batera. Halako batean, Woody Allen agertu da pantailan. Bere film berriaren iragarpena da. “Zuzeneko aretora sartuko ginen ba?” pentsatu dut nire artean. Une horretan inguruko besaulkietatik iritsi zaizkigun euskarazko mar-marrek uxatu dituzte nire kezkak. “Produkzio erraldoien publizitatea jartzeraino hartzen gaituzte kontutan euskaldunak, bide onetik goaz”. Txalaparta doinuak atera dira pantailatik. “Herri bakoitzak bere lurrak ematen dizkion baliabideekin egiten ditu musika tresnak. Horregatik da txalaparta egurrezkoa”, azalduz hasi da Igor eta Harkaitz nomadek egindako dokumentala. Herrialde nomadak lurrarekin lotuak daude, are gehiago, lurrak ematen die bizia. Txalaparta, lurretik ateratako tresna da. Ezaugarri horri esker, Oreka TX-eko mutilek erakutsi duten bezala, posible da herrialde horietako bakoitzean bertako baliabideak probestuz txalaparta ezberdin bat egitea: Laponian izotzezkoa, Bereber herrian harrizkoa eta horrela. Filmaren une batean aurkeztu gaituzten bezala, Europako aborigen sentitu naiz, eta emankizunaren amaieran, Igor eta Harkaitzek, munduan dauden herrialde baztertu eta zapalduak bat egitea lortu dute, txalapartari esker. Filma amaitu eta inor ez da altxa eserlekuetatik. Txalaparta doinuez lagunduta, ondoren etorri diren kredituak irakurtzen geratu da jendea. Agian kanpora ateratzeko nagituta daude. Agian, zinema aretoaren barruan, kanpoan baino errezago egiten zaigu europako aborigenak izatea. Zergatik ukatu, askotan nekagarria baita euskaldun izatea. Baina Nomadak TX bezalako pizgarriei esker, hartzen ditugu berriro Europako aborigen izaten jarraitzeko indarrak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!