Hauts bihurtu sienten

Erabiltzailearen aurpegia Leire Zubeldia 2007ko mar. 13a, 11:06

Hautsetik jaio ginen eta hauts izango gara. Eta birritan pentsatuz gero, bizi garen bitartean ere, hauts ale nimiño bat bezain ezgauzak eta menekoak gara. Agian filosofikoegi jarrita, horixe da garen guztia. Hautsa eta beste ezer ez. Are gehiago, gure ingurua ere hautsa da. Edo hobe esan, gure eskuetatik igarotzen den oro, gizakiak ukitzen duen oro bilakatzen da hauts. Abilak gara eskura dugun guztia hauts bihurtzeraino birrintzen. Adibidez, hauts bihurtzen ditugu kaleak, etxeak egin beharraren beharraz. Mendiak zulatzen ditugu errepideak egiteko. Hori guztia aski ez eta trenbideak egiteko apeta sortu zaigu bat-batean. Aberatsak gehiago aberastu daitezen hauts bilakatzeraino txiki-txiki egingo dira landak, mendikateak, eskualdeak... Dirudienez, sortuko dugun zabor guztia errauts bihurtuko da hemendik gutxira, Gipuzkoan jarriko dizkiguten bi errauskailuei esker. Hori dena bilakatu dezakegu hauts. Baina zoritxarrez, gure eskuetatik igaro gabe jaten ditu hautsak apalategietako liburu asko eta asko. Lerro hauek ere hauts bilakatuko ditu denboraren iraganak. Hori gertatu bitartean geratzen zaigun denbora apurra probestuz ordea, zorionak eman nahi dizkiot Juan Kruzi, hautsak estali baino lehen irakurlea harritu, poztu eta hunkitzea lortu duen eleberriagatik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!