Zorte on

Erabiltzailearen aurpegia Leire Zubeldia 2007ko mar. 13a, 11:05

Hara, iritsi da Aiurri!!”, eta bi aldiz pentsatu gabe esku artean hartu eta zabaldu egin duzu jarraian. Ihes-bide bat aurkitu nahi duzu, haize berritzea da zure asmoa. Nik ere antzeko zerbait egin dut. Azken bolada honetan nagustitu zaidan bizimodutik alde egin nahian, ordenagailua piztu eta idazten hasi naiz. Zuri ari natzaizu idazten, eta hementxe, orrialde honetan egin dugu biok bat: Zuk eta nik, liburu eta apunte artetik ihesi dabiltzan bi ikaslek. Besterik gabe, ulertzen zaitudala esateko idazten dizut. Egunak joan eta egunak etorri, zenbat denbora igaro ote duzu aurrean dituzun letra nahiko narratsez beteriko orriak barneratzen? Kontatu al dituzu, egunero “post-it” batean idatzi duzun planing-a bete gabe utzi dituzun aldiak? Guztira zenbat metro logelatik hozkailura eta hozkailutik logelara? Ez dira ez egun interesgarriak izaten. Aspertu egiten da bat hiru aste luuuuzetan egunero-egunero bere betebehar bakarra ikastea denean. Gainera asko eta asko, betiko kontuarekin hurbiltzen zaizkizu. Ziur ezaguna egiten zaizula, ikasleen bizimodua onena dela eta lanean hasten garenean majo egin beharko dugula lan esaten duen mitoa, ezta? Agian egia izango da, baina bat: Ez zait egokia iruditzen, justu azterketa garaian kontu horrekin etortzea. Eta bi: Geuk ere gusturago ikasiko genuke, karrera amaitzean majo lan egin beharko dugula jakingo bagenu!! Zeren, ondo biziko gara bai, baina ez daukagu panorama polita. Gaur egun, lan egonkor bat aurkitzea loteria egokitzea bezain zaila da ia-ia. Eta noski, bere kabuz bizi nahi duenak, diru sarrera finkorik gabe, nonbaitetik ausardia atera behar mailegu bat eskatzeko. Ez dugu ahaztu behar gainera, berrogehita hamar urtetan ordaintzeko maileguak ditugula orain. Agian nahi baino ezkorrago azaldu nahiz. Nire asmoa, zu kontsolatzea zen. Baina onerako edo txarrerako hau da errealitate gordina. Hala ere, zuk ez etsi, jarraitu ikasten. Ahalegina egin gabe ez dadila geratu behintzat. Uzta biltzeko, lehenik hazia erein behar baita. Bitartean, zorte on azterketetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!