Hala, aurtengo irabazleek 2026ko ekainaren 24tik 28ra egingo den Granollers Cup-ean parte hartzeko txartela lortu dute. Hirugarren eta laugarren postuan sailkatu dira, hurrenez hurren, Saioko Mimai Estetikak (Donostia) eta BM San Juan Berdea- Donibane Berdeak (Iruñea) taldeak.
Leizaran Eskubaloi Taldeak, Andoaingo Udalaren eta Granollers Cup-en laguntzarekin, antolatzen du emakumezkoen eskubaloi txapelketa.
Pasa den abenduaren 26an hasi zen III Andoain CUP, Arrate frontoian eta Allurralde kiroldegian jokatu ziren lehen faseko lehen partidekin. Elkarren aurka jokatu zuten lehen taldeak hauek izan ziren: Hernani Akola (Hernani), Zalla Taberna Pulpo EK (Zumaia), Malkaitz (Burlata), Aloñamendi Lana Zuria (Oñati), Lizarreria (Lizarra), Leizaran Urkabe (Andoain), Mundarro (Astigarraga), Aloñamendi Lana Laranja (Oñati), Muskiz 2012 Urdina (Muskiz) eta BM Noain (Noain). 22 partiduren ostean, azkenean Hernani Akola eta Leizaran Urkabe txapelketatik kanporatuak izan ziren.
Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroatik etorritako 19 talde eta 300 jokalari inguru bildu ditu kirol hitzorduak, Andoain emakumezkoen oinarrizko eskubaloiko erreferente bilakatuz.
Larunbatean, berriz, beste 22 partida jokatu zituzten talde hauek: Leizaran McDonalds (Andoain), Aiala B ZKE (Zarautz), Eskubaloia Basauri 2012 (Basauri), BM San Juan Rojo- Donibane Gorria (Pamplona), Saieko Mimai Estética (Donostia), Aiala A ZKE (Zarautz), Eibar Infantil A Neskak (Eibar), BM San Juan Verde-Donibane Berdea (Iruñea), Zuazo Infantil (Barakaldo). Oraingoan, Zuazoko jokalariak izan ziren lehiaketa utzi behar izan zutenak.
Igande goizean bigarren faseko partidak jokatu dira, eta arratsaldean final-zortzirenak, final-laurdenak, finalerdiak eta final handia. Allurralde kiroldegia gainezka egon da eta sekulako giro ona eta zalaparta sortu da, batez ere azken partidetan. Finalerdietan Malkaitzek 6 – 4 irabazi dio Donibane Berderi, eta Eibar Eskubaloiak 5-3 gailendu da Saiekoren aurrean. Horrela, finalera Malkaitz eta Eibar Eskubaloia iritsi dira. 7 golekin berdindu dute azken partida, eta beraz, lehen saria penaltietan jokatu behar izan dute. Azkenean, Burlatakoak izan dira garaipena eskuratu dutenak, gol baten aldearekin.
Txapeldunek Andoni Alvarez Andoaingo alkatearen eskutik jaso dute saria: hurrengo Granollers Cup 2026 txapelketan parte hartzeko txartela eta egonaldia.
Granollers Cup Europa hegoaldeko oinarrizko eskubaloiko nazioarteko txapelketarik handienetarikoa da, urtero 50 nazionalitate baino gehiagoko 6.000 kirolari gazte inguru biltzen dituena.
Kirol emaitzaz haratago, III Andoain Cup-ek bere helburu nagusia bete du: oinarrizko kategorietan emakumezkoen eskubaloia bultzatzea eta kluben, pertsonal teknikoaren, kirolarien eta zaleen arteko harremanak sustatzea. Antolakuntzak oso balorazio positiboa egin du parte hartu duten taldeen erantzunari dagokionez. Horregatik Leizaran Eskubaloi Taldea ekimenari jarraipena emateko konpromisoa berrestera eraman du.
Leizaran Eskubaloi Taldeak bereziki eskertu nahi du Andoaingo Udalaren eta Granollers Cupen laguntza, baita Laboral Kutxa, Andoain McDonalds, Urkabe, La Gula del Norte, Insalus, Pasquier, Lixoné eta Cafés Baquéren laguntza ere, haien babesa ezinbestekoa izan baita txapelketa burutzeko. Era berean, klubak Arbitroen Batzordearen, Euskadiko eta Gipuzkoako Federazioaren eta Andoaingo kiroldegiko langileen lana goraipatu nahi du. Gainera, ez du ahaztu nahi izan boluntario-sareak egindako lana, modu eskuzabal eta eredugarrian ekitaldia antolatzen eta ondo funtzionatzen lagundu duenak.