Gol gutxien jaso eta gol gehien sartu dituztenak, aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2026ko urtarrilaren 14a

Gipuzkoako txapelketaren azken fasea amaitzeko jardunaldi bat falta denean, Leizaran La Salle Berrozpe kadete mailako taldeak partidarik galdu gabe jarraitzen du. Gol gutxien jaso duen taldea da. Asteburuan Urnietan ariko dira, ligan gol gehien sartu dutenen aurka.

8 jardunaldi eta gero, beraz, Leizaran La Salle Berrozpe lidertzan da eta dagoeneko ziurra da igoera fasean ariko direla. Asteburu honetan amaituko da ligaska eta andoaindarrek Urnietan jokatuko dute. Hango taldea punturen premian da: sailkapenaren hirugarren postuan da eta igoera fasea aritzeko helburua du.

Estatistikei erreparatuta, Leizaran taldeak defentsa onena du: gol gutxien jaso duen taldea baita, diferentzia handiz gainera. 8 partidatan 159 gol jaso ditu eta gainerako guztiek 200 goleko langa gainditu dute. Aldiz, erasoari begira, Urnieta Lanchas Bus taldekoak dira gol gehien sartu dutenak: 265, denera. Erasotzaile eta defendatzaile onenak, beraz, aurrez aurre izango dira asteburu honetan.

Irabazi nahi duenak lana gogotik egin beharko du. Partida igandean da, 12:15etan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!