Kalera atera bezain laister A25aren harira iragarkiak nonahi: pareko espaloian, autobus geltokietan, ikastetxeetako atarietan... Aurikularrak jarri eta berriro, berdintasunaz ari dira podcastean. Hori da agenda politikoa aste honetan, baina soilik honetan.
Lanera sartu aurretik 10 minutu nituela egunkaria hartu dut. Berrietan ez da horrelakorik ageri, errealitatea bestelakoa da: industria sexualean ikustaldiak geroz eta gehiago, teknologiaren garapenak hori ahalbidetzen baitu. Lehen aldiz, pornografia kontsumitzen dutenen adina 8 urtera jaitsi da. Etxez etxeko langileak greban. Urte honetan indarkeria matxistak eragindako biktimak 4.000tik gora Euskal Herrian. Eta alokairu sabelen aldeko artikulu bat. Bat-batean, burura etorri zait herenegun trenaren zain nengoela entzundakoa: beste emakume bat erasotua tabernan zegoela.
Egunkarira bueltatu dut begirada, prostituzio sare berri bat atzeman dute, beste emakume bat eraila, eta bortxaketa kasu bi. Bueltaka hasi da nire burua. Zertan huts egin dugu? Zein da arazoa?
Gure bizi-baldintzak etengabe okertzen ari diren honetan, inoiz baino agerikoagoa suertatzen da sistemaren funtzionamendua. Inoiz baino garbiago dago geure bizi-baldintzen okertzeak eta jasaten ditugun zapalkuntzetan sakontzeak betetzen duen papera: langileongandik ahalik eta etekin gehien ateratzea eta kateetatik askatzeko aukerarik gabe uztea.
Indarkeria matxista ez da auzi kultural soil bat. Gure nahi, desira eta jokabideak ere sistema kapitalistak ekoitzitako produktu dira. Eta horregatik, gizartea kapitalaren interesen arabera antolatzen den bitartean, etengabe ekoitziko dira baldintza ekonomiko, sozial zein kulturalak zapalkuntza ezberdinak erreproduzitu daitezen. Bestela, nola da posible gizartea feministagoa den honetan, indarkeria kasuek gora egitea?
Antola gaitezen indarkeria matxistaren aurka, jasaten dugun zapalkuntzaren aurka. Hausnartu dezagun, pentsatu zeri egin behar diogun aurre eta jarri ditzagun martxan gure esku dauden bitartekoak. Egin dezagun lan jendea borrokara batzeko. Eta borroka dezagun aberastasuna zein baliabideak denon eskura egoteko antolatuko den gizartea eraikitzera bidean, hau da, klaserik gabeko gizarte baten alde: ongizate unibertsala bilatuko duena, eta horren arabera antolatuko dena, finean, sozialismoa eraikitzeaz ari naiz. Hori da zapalkuntzarik egon ez dadin berme egonkor bakarra, eta, beraz, indarkeria matxistarik egon ez dadin baldintzak jarri ditzakeen gizarte-antolaketa bakarra.
Beraz, Buruntzaldeako Itaia-tik dei egiten dugu ostiral honetan arratsaldeko 18:30ean Hernaniko Gudarien plazan indarkeria matxistaren aurka egingo den mobilizaziora batzera.