Egun eguzkitsuetan izan ezik. Egun eguzkitsuetan, jendea etxetik irteten da: balkoiak, terrazak eta lorategiak jendez betetzen dira. Batzuk baloiarekin, besteak hamaketan irakurtzen edo eguzkia hartzen, baratzea dutenak baratzean… Egun eguzkitsuetan herria bizirik dagoela sumatzen da, jendea bertan dagoela. Ez direla udako oporrak eta herritarrak herrian daudela.
Beldurra sumatzen da. Erosketak egitera jaitsi naizen aldi apurretan tentsioa nabaria dela ikusi dut Villabonako kaleetan. Jendeak mesfidati begiratzen dio elkarri; normalean baino askoz elkarrizketa gutxiago sortzen dira supermerkatuan, ordaintzeko ilaran. Maskarak, eskularruak eta distantzia. Ez dago besterik. Kezka handiagoa ala txikiagoa, pazientzia handiagoa ala txikiagoa, berekoikeria handiagoa ala txikiagoa… Bakoitzak beretik bizi du hau eta beretik jokatzen du kalean; norbere itzalik handienak orain direlarik publikoen.
Baina arratsaldeko zortzietan, herriak batzen dira. Arratsaldeko zortzietan, txaloak, ujuak eta musika dira nagusi Larraulen ere. Herritarrak etxe sarreretara irteten gara eta elkarri kaixo esaten diogu, besoak astinduz. Gutxi garenez, txaloak ez dira nahikoak, ez baita entzuten. Batzuek danborra, besteek palak, txalapartaren makilak… denetik ikusten da. Zortzietako kanpaiak amaitzearekin batera abesti bat jartzen dute, eta abestia txalotuz eta dantzan igaro ostean, txaloak jotzen ditugu. Ondoren, elkarri ea ondo gauden galdetu, eta hurrengo egunera arte agurtzen gara; “bat gutxiago, animo” esanez.
Bat gutxiago, baina bat gehiago. Horrelako gauzei alde positiboa atera behar zaienez, bat gehiago esango dugu; egun bat gehiago etxekoak ondo gaudela; egun bat gehiago etxean igaro dugula, pasa beharko ditugun horien guztien artean. Eta alde positiboekin jarraituz, pentsa dezagun denbora zertarako baliatzen ari ote garen; ea benetan egin nahi dugun hori egiten ari garen. Zeren oraindik falta dira egunak, eta gure esku dago ahalik eta ondoen eraman eta hemendik ahalik eta ikasketa handiena ateratzea. Bizitzarako ikasketa bat gehiago.