Goxatzeko errezetak

Orduro 1.1 milioi animalia akabatzen dira munduan

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Etxeberria 2020ko abe. 11a, 09:46

Larrauldarrak dieta beganora moldatutako errezeta osasuntsua eta orekatua egin du, garai hauetarako oso egokia.

Gabonak oparotasun gastronomiko handiko egunak izan ohi dira. Kulturalki, gainera, oso ohituta gaude maitasuna elikagaien bidez frogatzera; gure aiton-amonen belaunaldiko kideak, bereziki. Hori dela eta, Gabonak maitasunerako garaiak direla diotenez (bakea, maitasuna…), asko jateko garaiak bihurtzen dira; edo ditugu, ziuraski. Plater nagusien aurreko pintxo, urdaiazpiko, pate eta itsaskiak, haragia barra-barra, arrain garestiak, azukrez beteriko azkenburukoak, alkohola. Ez diot hori guztia txarra denik (nahiz eta osasun fisikoari gehiegikeria horrek inolako onurarik ez ekarri); baina ez ote ditugu elikagai-betekada horiek maitasun gabeziak betetzeko egiten? Ez ote dugu gehiegi jaten eta edaten, patroi bati jarraitzen diogulako? Familia eredu idealizatu bat errepikatu nahi dugulako? 

Animalia jatorriko elikagaiak kontsumitzeari utzi niola lau urte beteko dira abendu honen erdikaldean, eta hausnarketa bat mahaigaineratu nahiko nuke, Eguberriak heltzear dauden honetan. Izan ere, animalia-jatorriko produktuen (eta animalien) kontsumoa izugarri hazten da garai hauetan. Adibide gisara, Espainiar estatuan, Gabonetan bakarrik hiru milioi arkume erahilak izaten dira familia-bazkarietaz goza dezagun. Mundu-mailan, orduro, 1.1 milioi animalia akabatzen dira gure kontsumorako; edo hobeto esanda, guk euren gorpuak jateko. 

Eztabaida asko pizten duen gai bat dela kontziente izan arren, elikatze-eredua erabaki politiko bat dela eta ekosisteman izugarrizko eragina duela argi utzi nahiko nuke. Izan ere, oso ongi dago aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko banbuzko hortzetako eskuilak erabiltzea edo hortzak garbitu bitartean txorrotada ixtea. Noski ongi dagoela, eta noski dela hondar ale garrantzitsu bat. Baina egunean hiru, lau, bost aldiz jaten dugunez, kontuan eduki behar dugu jatera goazen bakoitzean zer ahoratuko dugun erabakitzeak ere zeresan handia daukala. Gai honekin amaitzeko, Paul McCartney-k esan zuen esaldi bat erabiliko dut; egia gordinki islatzen duela pentsatzen dudana. Hiltegiek beirazko hormak izango balituzte, guztiok barazkijaleak izango ginateke.

Nire Gabonetako menuaren proposamenak lau atal ditu; bi lehenengo plater, plater nagusi bat eta turroi bat. Guztiak animalien sufrimendurik gabeak; guztiak landare jatorriko elikagaiak erabilita prestatuak. Plater guztiak azalduko ditut jarraian; baina ez ditut errezetak zehazki jarriko, horiek @begaonegin kontuan izango dituzue, abenduko hilabetean zehar. 

Lehenengo plater bezala, kalabaza eta gaztain krema bat proposatzen dut. Biak dira oso bertako produktuak, eskura izan ohi ditugunak. Gaztainak danbolinean erreta jatera ohituta gauden kultura honetan, beste plater askotako osagai izan daitezkeela erakustera natorkizue. Gaztainek, krematsutasuna ematen dio platerari, eta nutrizionalki aberasten du. Kalabaza krema tradizionala izan ordez, apur bat dentsoagoa bihurtzen da; leuna, gozoa…

Artikulu osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!