Osagaiak (3-4 pertsonentzat):
- 150 arroz-fideo
- 175 gramo azenario
- 175 gramo ilar izoztu
- 4 portobello
- Oliba olioa
- 60 gramo kakahuete krema
- 30 ml tamari
- 60 ml ur
Nola egin:
- Azenarioak garbitu eta zuritu ostean, bastoitxotan moztu.
- Bitartean, ura irakiten jarri pasta egosteko.
- Zartagin batean olio txorrotada bat bota, berotu, eta su altuan, azenarioak egin, etengabe bueltak ematen dizkiogun bitartean.
- Pasta egosi.
- Azenarioak erdi-eginik daudenean, portobeloak erantsi zati handitan, pare bat minutuz estali eta ilar izoztuak erantsi.
- Beste pare bat minutuz su altuan eduki etengabe bueltak ematen dizkiogularik eta azkenik pasta erantsi.
- Saltsa egiteko, kakahuete kremari tamaria erantsi eta ondo irabiatu ehundura suabe bat lortu arte. Ondoren, ura gehitu apurka-apurka eta saltsa homogeneo bat prestatu (oso lodia dela irudituz gero ur gehiago erantsi daiteke).
- Saltsa zartaginera bota, dena ondo-ondo nahastu eta platerean zerbitzatu.
- On egin!
Jende askok jakingo du, baina ezin dut kakahuetea lekale bat dela esan gabe gelditu; izan ere, dilisten edo ilarren familia berekoa da kakahuetea, zorroetan sortzen delarik. Hala ere, fruitu lehor gisa izendatzen dugu bere ur kantitate baxua eta lipido kantatitate altuagatik (sojaren gisan, lekale oliotsua da). Fruitu lehor honen kontsumoa osorik ohikoa bada ere, krema formatua ez da oso ezaguna izan azken urteetara arte.
Kakahuetea, zuntz iturri oso interesgarria izateaz gain, proteina eta lipido osasuntsuetan aberatsa da; ehun gramo jangarriko 25 gramo proteina eta 43 gramo gantz (horien erdia azido oleikoa) dituztelarik. Horretaz gain, oso aberatsa da E bitaminan eta magnesioan, besteak beste.
Kakahuete krema, askorentzat film estatubatuarretako sandwichetan agertzen den zerbait soilik da; mermeladarekin jaten dena, moldeko ogian. Egia da gutako askok pelikula horien bidez ezagutu dugula produktu hau, eta duela gutxira arte, ez zuela txokorik gure gastronomian. Gainera, produktu estatubatuar hauek ez dira kakahuetearekin soilik eginak izaten; hau da, gantz ez osasuntsuak, azukrea eta bestelako gehigarriak izan ohi dituzte. Baina gaur egun, oso erraza da %100 kakahuetedun kremak topatzea; belardendetan banatzen hasi baziren ere, ia supermerkatu guztietan badaudelako
Milaka modu daude kakahuete krema kontsumitzeko: modu gaziak zein gozoak. Irabiakietan, jogurtarekin, frutarekin, bizkotxoetan, entsaladarako saltsa bezala, pastarekin, ogi xigortuaren gainean… Gaurkoa pasta oriental hau proposatzen dizuet, horretarako arroz-fideoak erabili ditudalarik. Baina zin dagizuet, beste edozein pastarekin gelditzen dela mundiala. Baita beste edozein barazkirekin ere. Beraz, betikoa, esperimentatu, sartu osagai berriak zuen sukaldean, betiko osagaiei eman aukera berri bat… eta gozatu!