Osagaiak (4-6 pertsonentzako):
- 400 ml koko esne (latakoa)
- 400 ml soja esne
- 60 gramo kakao hauts
- 80 gramo eritritol edo nahi dugun gozagarria
- Koilarakada bat banilla esentzia
- 3 gramo agar-agar
- Koko jarabea (nahi izanez gero)
Nola egin:
- Eltze batean koko eta soja esnea nahastu eta berotzen jarri su ertainean´.
- Kakao hautsa erantsi eta nahastu, erabat disolbatu arte.
- Banilla esentzia eta eritritola bota eta ondo nahastu.
- Sua igo eta irakiten hasten denean agar-agarra erantsi.
- Agar-agarraren paketean jartzen duen adina minutu eduki etengabe nahasten dugun bitartean
- Moldeetan koko jarabe apur bat jarri eta eltzeko nahasketa moldeetan banatu
- Bizpahiru orduz hozten utzi ostean jateko prest dago, nahiz eta nik nahiago izan gau osoan hozkailuan eduki
- On egin!
Eguraldi hotz eta hezea lagun dugunez, postre/askari gozo honekin tximinia piztuta etxean goxo egoteko arratsaldeak alaitzeko asmoa daukat. Bide batez, gozagarrien inguruan hitz egin nahiko nuke, buruhauste handiak sortzen dituen gai bat baita.
Azukre txuria da ohikoena etxe gehienetan. Merkea, gozoa… Familia batzuek, azukre integrala edo-eta panelaren aldeko hautua egin dute azken urteetan, osasuntsuagoa delakoan. Egia da jasangarriagoa dela, baina nutrizionalki ez dago ia ezberdintasunik. Amaitzeko, eztiaz ere hitz egin behar dut. Egia da propietate ikaragarri esleitu izan zaizkiola, eta jende askok panazeatzat daukala, baina nutrizionalki, hau ere ez da hain ezberdina azukre txuritik.
Beste alde batetik, ezagunak dira belardenda-munduan eta makrobiotikan arroz melaza, koko jarabea edo astigar jarabea bezalako gozagarriak. Hauek ere, eztiak bezala, fama ona dute, baina esan beharra dago egoera puntual batzuetarako egokiak badira ere, nutrizionalki ez direla azukrearen oso ezberdinak.
Azken urteetan, oso modan jarri da estebia izeneko landarea (stevia). Gozatzeko ahalmena daukan landare bat da, diabetes gaixotasuna dutenek erabiltzeko egokia da eta gaur egun formatu ezberdinetan aurki dezakegu merkatuan; hautsa, tantak… Baina estebiaz gain, beste produktu asko atera dira eta daude merkatuan; eritritola, xilitola, monjearen fruitu izeneko gozagarri bat… Kilokaloria gehiagokoak batzuk, gutxiagokoak besteak…
Nire kasuan, egoeraren arabera, nahiago dut aukeraketa bat edo bestea egin. Flan honen kasuan bezala. Nahiago izan dut gozagarri bat aukeratu, azukrea beharrean; alderantziz izan zitekeen bezala. Errezetaren arabera aukeratzen jakin behar da; eta noizean behinerako errezetak direnez, ez dago arazorik azukrea erabiltzearekin, ezta gozagarri bat erabiltzearekin ere. Osasuna oreka baita.