Andoaingo Gudua egin edo ez erabakitzeko bilera deitu du Bazkunak

2017an antzeztu zen azkenekoz, eta hirugarrengoz, Andoaingo gudua herriko kaleetan barrena, arrakasta handiz. Nolanahi ere, ordukoaren balorazioa egiteko garaian antolatzaileek adierazi zuten zail ikusten zutela hurrengorik antolatu ahal izatea, behar beste baliabiderik ez zutelako.

Aurreneko hiru ikuskizunak bi urteko tartearekin antzeztu zirenez (2013-2015-2017) batek baino gehiagok galdetu egin du aurten Guduaren antzezpenik izango ote den, eta Larramendi Bazkunak aditzera eman nahi du, orain hilabete batzuk Udalari adierazi zion bezalaxe, aurten ez dela izango eta, izatekotan, 2020. urtean izango dela, baina horretarako aurretik jakin beharko dela orain arte sumatu diren gabeziak estaliko diren ala ez.

Hori guztia argitu eta erabakitzeko, hots, 2020an Andoaingo Gudurik antzeztuko ote den, Larramendi Bazkunak bilera deitu du otsailaren 20an, asteazkenarekin, 19:00tan hasita, Basteroko ekitaldi aretoan. Bertara azaltzen direnek adierazten duten prestutasunaren arabera erabakiko da ikuskizuna egin ala ez. Beraz, parte hartu edota antolaketan lagundu nahi duten guztiei dei egiten zaie bilera horretara azal daitezen.Informazioa: 656 782 521.bazkuna@larramendi.org

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!