Urtarrilaren 29an Larramendi hil zela 254 urte beteko dira, eta omenaldia antolatuz herriko euskaltzaleak suspertu egin nahi dira euskararen aldeko lanean indartzeko. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak koordinatuko du ekimena eta helburu hauek ere izango ditu:
- Larramendiren irudia eta obra ezagunago egitea.
- Euskaldunentzat nahiz euskara ikasten ari direnentzat suspergarri izatea.
- Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren lanaren berri ematea…
Horrenbestez, urtarrilaren 25ean, 18:00etan hasita "Ezina egina" leloaren giza irudi erraldoia osatuko dute Andoaingo Goikoplazan, Larramendiren ondoan; 300 lagun inguruk giza-irudia osatu eta argiz beteko dute. Euskaltzale horiek guztiak Larramendiren irudiaren inguruan biltzeko deialdi berezia egingo dute antolatzaileek, herritarrei eta herriko elkarte guztiei zuzenduko zaizkie eta laster izena emateko helbide elektronikoa emango dute ezagutzera, nahi duten herritar guztiek bertan izena eman dezaten. Egun horretan, nahikoa izango da parte hartu nahi dutenek bere telefono mugikorra eramatea, bateriaz ongi beteta, argia emateko adina.
Irudia osatu ondoren, Larramendi eguneko adierazpena irakurriko da Goikoplazan eta bertan diren euskaltzaleei euskara erabiltzearen aldeko adierazpen hori sinatzea eskatuko zaie. Adierazpena sinatu bitartean, irudi erraldoian partaide izandako guztiei Larramendik hain gogoko zuen txokolate jana eskainiko zaie, txokolatea opilen batekin lagunduta. Gainera, Larramendiren bizitza eta obrari buruzko horma-irudiak ipiniko dira lauzpabost egunez plazan bertan.
Ariane Obineta, Larramendi Bazkuneko lehendakariak adierazi duenez “Manuel Larramendi, Euskal Herriak izan duen aitzindaririk handienetakoa da, oso ezezaguna izan arren euskaldun askorentzat. Bere lanaren ondorioz sortu zen euskara biziberritzeko ekintza XVIII. mendean eta berari zor zaio ere Euskal Herriaren aurrerabidea beste alor askotan. Bere gramatika eta hiztegia, bere korografia eta beste lan batzuk euskaldunok dugun altxorrik handiena dira, eta bada garaia hori aldarrikatu eta ezagutzera emateko. Hark hasitako bidean jarraitu beharko genuke aurrera euskaltzaleok”.