"Mujeres de barro, infancias de cristal, Fraisoro 1903-1984, La Casa-Cuna Central de Expósitos de Guipúzcoa” da liburuaren izenburu osoa eta orain hamar urte Manuel Larramendi Kultur Bazkunak argitara eman zuen "Fraisoroko amak, Fraisoroko haurrak" liburuaren itzulpena da, atal batzuetan egileak osatu duena. Izan ere, hamar urte hauetan ia etenik gabe egin zaio eskaera Bazkunari liburua gazteleraz ere argitara zezan, Gipuzkoatik bertatik eta, baita, atzerritik ere. Era berean, ugari izan da Eva GarcÌarekin harremanetan jarri den jendea, Fraisorori buruzko eta bertan euren senitartekoek izandako bizipenen berri izan edo emateko. Azkenik, gaztelerazko argitalpenarekin aurrera egitea erabaki da eta, era berean, egileak bere ikerlana zabaldu eta aberasteko aukera baliatu du.
Beraz, datozen egunetan aurkeztuko dena, funtsean, Eva GarcÌak 2011n argitaraturiko liburuaren itzulpena da, atal berri batekin eta beste hainbatetan osatuta. Izan ere, 2011ko jatorrizko argitalpena agortuta dago jadanik.
Liburuak Zizurkilen kokaturiko Fraisoroko eraikinean Gipuzkoako Foru Aldundiak 1903tik 1985era bitartean izan zuen haur- eta ama-etxearen historiaren berri zehatza ematen digu, hala erakundea sortzeko arrazoiei eta kronologiari dagokionez nola bertan hartuak izan ziren haurren eta amen bizipenei dagokienez ere, erakundearen bilakaera osoa azalduz, utzitako haurrak edo erditzekotan ziren amak bertan hartzeko jardunbidea, ondoren erakundeak batzuekiko zein besteekiko zuen jokabidea, familietan hartutako haurren bizipenak, bertan jardun zuten mediku, ikuskatzaile eta Karitateko lekaimeen berri… horiek eta gehiago azalduz. Erakundearen nondik norako guztiak ezagutzeko lan sakona, agiriez ondo bermatua eta Fraisoron “artatzen” zen arazo larriaren ikuspegi osoa azaltzen duena.
Lanaren oinarrian dagoen ikerketari 2007.urtean eman zion hasiera Eva GarcÌak eta, esan bezala, liburua euskaraz 2011n argitaratu zen arren, geroztik gaiaren gainean ikertzen jarraitu du.
“Mujeres de barro, infancias de cristal” liburua www.larramendibazkuna.eus webguneko on-line dendan eros liteke; hori du zabalkunde bide nagusia. Nolanahi ere, ondoko liburudendetan ere salgai izango da: Ernaitza, Delgado eta Stop (Andoain); Basajaun (Amasa-Villabona) eta Iturain (Orio).