“Ahaztuak. Emakumeak bertan ziren eta bertan ari dira”

Erabiltzailearen aurpegia Manuel Larramendi Kultur Bazkuna 2021ko ira. 7a, 17:24

Izenburu deigarri horrekin zabalduko du Andoaingo Guduari buruzko erakusketa Manuel Larramendi Kultur Bazkunak Andoaingo Bastero Kulturgunean.

Hasiera ekitaldia datorren ostiralean izango da, irailaren 10ean, arratsaldeko 18:00etan, Kulturguneko erakusketa gelan. Andoaingo guduari eta bertan emakumeek jasandakoari buruzko erakusketa berezi hau Europako Ondarearen Jardunaldien baitan jasota dago eta irailaren 10etik 25era bitartean ikusi ahal izango da, ohiko ordutegian nor bere kasa joanda eta baita bisita gidatuetan aurretik izena emanda ere.

Andoainen, 1837ko irailaren 14an, Lehen Gerra Karlistaren garaian, izugarrizko borroka gertatu zen liberal eta karlisten artean Andoaingo kaleetan. Baserriak eta soroak erreta, hainbat familiak baserri eta etxeetatik ihes egin beharrean ikusi zuen bere burua. Horietako asko eta asko emakumeak eta bere ardurapean zeuden senideak. Ez zen txantxetako trantzea izan. Egun horretan karlistek gure herrian garaipena lortzeak gerra-frontea Andoainen finkatzea ekarri zuen, gerra amaitzeraino, horren ondorio guztiekin.

Erakusketa honek badu balio erantsirik. Izenburuak berak dioen bezala, gatazkek gizarte osoan eragiten duten arren, gizarte horren erdia, emakumeak alegia, ahaztuak izaten dira maiz. Beraz, erakusketan barrena emakumeek Andoaingo Guduan, lehenengo karlistaldian eta, oro har, gerra eta gatazketan pairatzen dituzten kalte, eraso eta ondorioen berri ematen da, laburbildurik, antolatzaileek “Emakumeen labirintoa” deitu duten metafora batean.

Gaur egun, baita ere, Andoaingo guduko gertakarien berri ematen duen antzezpena antolatzeko garaian, asko dira parte hartzen duten emakumeak, ezinbesteko eta funtsezko lan ugari egiten. Horiek ere agerian jarri nahi izan dituzte antolatzaileek eta, horretarako, guduan parte hartzeko josten diren jantzien lantegia ikusi ahal izango da erakusketan eta jostunek bertan nola egiten duten lan.

Beraz, erakusketa honetan badira emakumeak; lehenengo karlistaldian izan ziren eta egun ere bertan ari dira.

Ahalegin horrek merezi duelakoan dira antolatzaileak eta erakusketa ikustera gonbidatu nahi dute gure historiaren berri jakin nahi duen oro, baita bisita gidatuetan parte hartzera ere.

Erakusketaren ordutegia honako hau izango da:

  • Astelehenetik ostiralera bitartean, arratsaldeko 18:30tik 20:00etara.
  • Larunbatetan, goizeko 10:30tik 13:30ra eta arratsaldeko 18:00etatik 20:30ra Bisita gidatuei buruzko informazioa, berriz, 943-303-450 zenbakira deituta (Bastero) edo basteroataria@andoain.eus helbidera idatzita. Bisita izan liteke euskaraz edo gazteleraz.
Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!