Parte hartzeko aurretik izena eman behar da, harrera@larramendibazkuna.eus helbidera idatzi eta parte hartuko duten lagun guztien izen-deitura eta harremanetarako telefono zenbakia emanda. Partaide kopurua mugatua izango da eta ibilaldiko azalpen guztiak euskaraz izango dira. Ibiltzeko zapata egokiak eraman behar dira.
1837ko irailaren 14an gertatu zen Andoaingo Gudua, lehenengo Karlistaldian. Carlos erregegaia bere gudarostearekin Madrilerantz joan izana baliatuz, O'Donell jeneral liberalak Donostia eta Hernanitik bere agindupeko tropak, 7.000 gizon inguru, Andoainera ekarri zituen eta kanpamendua Goikoplazan ipini, inguruan ziren soldadu karlistak Oria eta Leitzaran ibaien bestalderantz uxatu eta bidean izua, hondamendia eta bortxa zabaldu ondoren. Aurrerabide horren albistea jaso bezain laster, Uranga jeneral karlista Nafarroatik batailoi batzuekin etorri eta kontraerasoa antolatu zuen, horretarako 3.500 mutil bildurik. Irailaren 14an jo zuten kontraerasoa karlistek eta O'Donell engainatu ondoren oso borroka gogorrak izan ziren Andoaingo kaleetan barrena. Egun hartako borroketan 600-800 lagun inguru hil zen, gehienak gudaroste liberalekoak, haien artean Karlistaldian borroka egitera Erresuma Batutik etorritako Legio britainiarreko ingeles, eskoziar eta irlandarrak.
Andoaingo herriak eta aldirikoek hondamendi handia jasan zuten: Andoainen 55 baserri guztiz kiskali zituzten, bertakoak ihesean jarri ondoren; Urnietan herri ia osoa kiskali zuten, bost etxe besterik ez zen zutik gelditu. Lehenengo karlistaldian izandako gudurik ankerrenetakoa izan zen, historiografia ofizialak nahikoa bazterrean utzi izan duena alderdi epiko handirik ez eta herritarren oso oldarraldi gogorra eragin zuelako. Izan ere, soldadu karlistekin batera herritarrak izan ziren gogorren jo zutenak gudaroste liberalaren aurka, mendekua eskatuz “ez da kuartelik su ematen dutenentzat!” oihuaren oihartzunaz.
Horri guztiari buruzko azalpenak entzun eta gertakariak izan ziren lekuak ikusi ahal izango dituzte partaideek, Lizarkolako ubidea baliatuz Leitzaran ibaian gora egin eta azkena Unanibiko zubian amaitzeraino.
Zalantzak 656-782-521 zenbakira deituta argi litezke.