Ahalegin handia izan zen; emakume baten eskuzabaltasunari zor izan zitzaion ekimen handi haren lehen hazia: Juanita Alkaini; berak utzi zion herriari etxea, aterpea, babesa, gaur egun bere izena daraman plazatxoan, euskarak bere lekua izan zezan Andoaingo bihotzean… On Eugenio Arregik gidaturiko herritar talde batek heldu zion gogor eskaintza hari eta Andoaingo herritar ugarik bere diru-ekarpena egin zuen: ikastola amets izatetik errealitate bihur zedin… Urteen joanean, urteetako ahaleginean, aurrera egin zuen Ikastolak!
20 bat urte aurrerago, Jaurlaritzaren legedia berriaren ondorioz, ikastetxe guztietara zabaldu zen euskararen irakaskuntza. Lehen erronka hura berdinduta zegoelakoan, borroka berrietan sartu ginen, amets eta gogo-irrika berrietan, euskara eskoletan ikasita euskararen biziraupena bermatuta egongo zelakoan.
Gaur egun egiaztatzen ari gara uste hartatik oso urruti gabiltzala oraindik ere. Euskara gutxi entzuten dugu kaleetan. Leitzaran ibaiaren urak isuri bizian datozen bezala Oriaraino, jarraian itsasora husteko, gure euskarak ere behera egiten du, ez zaigu herrian errotzen, sustrai eskasa du gure kaleetan, gure herri giroan…
Manuel Larramendi Kultur Bazkunak ahalegin berria proposatu nahi dizue andoaindar guztiei: euskara gure kaleetan behar dugu, gure herri-giroan; beraz, egin dezagun egoitza berria Andoaingo euskerararentzat gure kalearen bihotzean, egigun egoitza berria bertan euskarazko ekitaldi eta ikuskizunen eskaintza iraunkorra antola dezagun, urte osoan. Egin dezagun egoitza herritarrek, euskaldunek, euskaltzaleek izan dezagun non elkartua txolarte atseginean, nora joana hainbat zerbitzu jasotzeko, gure euskalduntasunaren agerpide bizia eta ozena izan dezagun kalean, gure oihartzuna izan dezagun herrian… Egigun lekua kalean gure euskerarentzat, bertan bizi dadin.
Egoitza berria nahi dugu kalean, andoaindar euskaltzale guztien makulu izango den egoitza. Hori eskuratu eta lanean abiarazteko dirua behar dugu eta andoaindar guztiei, guzti-guztiei, herritar zein enpresa eta erakundeei, deia luzatzen dizuegu lagun gaitzazuen, laguntza eman diezaguzuen erronka horri, behar horri aurre egiten.
- Laguntza emateko bi bide eskaintzen ditugu, andoaindar guztiek izan dezazuen aukera gure deiari erantzuteko:
- Dirulaguntza zuzenean ematea, dela antolatuko ditugun ekitaldietan jarriko dugun itsulapikoan, dela, baita ere, dirua sartzen Rural Kutxan zabaldu dugun kontu korrontean.
Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko bazkide eginez. Hori guretzat arnastea bezain bestekoa da. Andoaindarrak bazkide egiten bazarete eta urtero bazkide-saria ordaindu, bakoitzak ahal duen neurrikoa, hori izango da gure zainetan barrena biziaraziko gaituen odola.
Ahalik azkarren erantzun behar diogu erronka honi; euskaltzaleek bat egin behar dugu Andoaingo kaleetan eta, horretarako, haur, gazte, heldu eta zahar elkartuko gaituen egoitza behar dugu. Andoaingo euskera, bihotzetik kaleraatera dadin, gure erroetako euskararen isuriak kaleak blai ditzan…
Andoaingo euskera, bihotzetik kalera!
Egiogun lekua gure kaleetan euskarari!!
Andoain, 2024ko irailaren 12an.
Manuel Larramendi Kultur Bazkuna