Oraindik ere gogora datozkit inolako kontrolik gabe kudeatutako akanpada-turismoaren urte haiek. Zaborra edonon pilatzen zen garaia, inguru hidraulikoari egindako kaltea eta antropizazio kontrolgabea bera. Zorionez, aspektu horiek lehengoratu egin dira, adostasunetik bultzatutako politika publikoei esker, eta gero eta helduagoa eta inplikatuagoa den gizarte baten konplizitatearekin. Hala, azken urteetan bultzatutako zenbait ekintza azalduko dizkizuet:
Bide berdea: Arantzibia eta Auzokalteko zubibideak lehengoratu dira, trazadura eta segurtasuna hobetuz, tunelak barne. Erabiltzen ez ziren eta hondatuta zeuden antzinako azpiegiturak berreskuratu dira eta oinezkoentzako bideak egin dira leku haietan. Lizarkolako kanalaren kasua da hori, tokiko bidezidor homologatu bihurtu dena eta inguru hura Andoaingo herrigunearekin, Otietako parkearekin, Bertxingo zentralarekin eta Bide Berdearekin lotzen duena.
Andoaindarrentzako eta bisitarientzako bidezidor homologatuen sarea sortu da.
Leitzaran bailaran ibilgailuen trafikoa arautu da (iaztik, haranera sartzeko errepidea itxi egin da, jendetza ekidin eta mugikortasun jasangarria sustatzeko).
Otietako eta Olazarreko landa-parkeak berroneratu eta egokitu dira, Leitzaran haranaren barrualdera jende asko ez pilatzeko koltxoi-gune izan zitezen.
Halaber, hainbat bilera egin dira erakundeekin eta tokiko nahiz udalaz gaindiko eragileekin, Leitzaran Bailara Parke Natural izendatzeko behar diren urratsak emateko.
Leitzarango Bisitarien Etxea irekitzearekin batera, 2016an Natura Turismoaren aldeko apustu irmoa egin zen, Slow Adventure edo abentura lasaian oinarritutako eskaintza, zeinarekin iraunkortasuna, irisgarritasuna, kultura eta tokiko ondarea ezinbesteko baliabide gisa kontuan hartuko baitziren.
Aurrekari horiekin, logikoa da pentsatzea ingurumen-jasangarritasuna funtsezko premisa izan dela eta izaten jarraitzen duela Leitzaran Bailararen inguruan edozein proiektu abian jartzeko.
Hala, 2016an aire-ibilbide naturalistiko gidatuaren proiektua egiten hasi zen (Sorginen hegaldia izenekoa), sarrera Bisitarien Etxetik bideratuta. Horretarako, bi azpiegitura erabiliko lirateke: Leitzaran ibaia zeharkatuko lukeen tirolina txiki bat eta ibilbide laburreko Via Ferrata bat, aipatutako ibilbidearen goiko aldera iristeko.
Andoaingo Udala osatzen duten alderdi guztiek (EHBildu, PSE-EE, EAJ-PNV eta Ganemos/Irabazi garai hartan, Podemos gaur egun) oniritzia eman zioten proiektu berritzaile horri. Ekimena sustatzeko adostasun zabala.
LEADER funtsek (Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa) ia %80an finantzatutako proiektu hori egiteko, premisa hauek hartu dira kontuan: Eremuan ahalik eta inpaktu txikiena sortzea; Udalaz gaindiko gainerako administrazioen (URA agentzia, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila eta Gipuzkoako Foru Aldundia) oniritzi eta baimen guztiak izatea, hala ingurumenekoak, nola segurtasunekoak; Jarduera garatzen den espazioari balioa ematea, hobeto ezagutu eta zaintzeko. Hain zuzen, adibide gisa, proiektu hau egiteak jarduketa-eremuan zegoen legez kanpoko zabortegi bat garbitzea ekarri du. Ibilbide honen inguruan bisita gidatuak egitea da azken premisa, betiere gidari espezializatu batek gainbegiratuta eta egunean sar daitezkeen bisitarien kopuru mugatuarekin.
Honenbestez, iraunkortasuna funtsezko zutabea izan da proiektu honen diseinuaren proposamenerako, tokian tokiko ingurune fisikoari eta habitatei kalterik ez eragiteko. Ingurumenari buruzko azterlanak adierazten digu eremu horrek gehienez ere egunean 30 pertsona hartzeko ahalmena duela, eta 4 pertsona eta gidari bat bisita bakoitzeko. Obraren jarraipena ingurumeneko langile gaituek egin dute: biologoek, geologoek, ingeniariek, ala Aldundiko basozainek. Halaber, proiektuaren kudeaketa- eta jarraipen-eredua propioa izango da, eta ingurumen-kudeaketako langile kualifikatuak izango ditu.
Aukera batzuentzat, mehatxua eta erasoa beste zenbaitentzat, baina ezin da erabili ingurumenari buruzko argudioa proiektua desprestigiatzeko. Iritzi guztiak errespetatuz, ezin da ukatu ingurumena babesteko politikek proiektu traktoreak behar dituztela, balio biologiko handiko ekosistemetan eragin ahal izateko. "Hobe bakean dagoena ez ukitzea" argudio ahula defendatzen duten iritzi "negazionistek" egunero egiten dute topo errealitate gordinarekin. Ingurumen-politika eta inbertsio publikorik gabe, ezingo genukeen inoiz gozatu bailaran bultzatutako hobekuntza ekosistemikoaz. Sakondu dezagun beraz ingurumen-politika aktibo batean. Ezer ez egitea, babesgabetzea da, atzean geratzea, Leitzaran bezalako espazio baten etorkizuna zortearen eskuetan uztea da.