2014ko martxoaren 26a
Gaur gertatu da. Ziurrenik baita atzo eta bihar ere. Baina gaur gure gelan, biharko grebaren harira. Ohikoa dugun puntualtasun falta arrazoi, taxuzko atxikimendu kolektibo bat adierazteko astirik eman ez badigu ere, bihar LOMCE-ren aurkako greba deitu dutela gogoratzeko bildu gara ikaskideok, bakoitzak bere erabakia informatu ostean har zezan sikiera. Greba egin/ez egin, norbere esku.
Eta horixe da gakoa. Gure esku egon arren, ez garela piperrik egiteko gai. Hainbeste goraipatzen dugun askatasun indibidual horretan galdu egiten garela, eta kontatzeko hainbeste daukanak papera zuri-zuri lagatzen duela. Edo betiko leloez beteta.
Lagin honetatik bi ondorio atera ditut nik. Lehena, ez dakigula gure eskubideak zein diren eta greba baten aurrean planteatu beharreko jarraibideen inguruan arrastorik ere ez daukagula. Uste dut horri deitzen diotela "kultura politikoa"; bada, guri bidean galdu zaigu. Baina bigarrena zait kezkagarrien: ez daukagu irizpide propiorik. Eta propio diodanean norbanakoaz ari naiz: ni, Mikel eta zu, Amaia.
Izan ere, pauso bat norantz eman erabakitzeko garaian, alde batera edo bestera bultzatuko gaituzten arrazoiak bilatzen ditugu. Bakoitzak zer eman eta zer ken diezagukeen baloratu behar izaten dugu eta balantza nora okertzen den, hara jo. Horraino konforme (nahiz eta beti dagoen, eta grebaz ari naiz orain, galdutako praktika errekuperatzerik ba ote den galdetzen duen despistaturik).
Alabaina, alde batera edo bestera egin, hankak lurrean beti, sustraiak finko izatea gustatzen zaigu. Eta ingurua da gure lurra. Ingurua da elikatzen gaituena. Bestela zimeldu egingo ginateke eta. Gaur horixe gertatu da: albokoen erabakiaren araberakoa izan da askoren postura. Askatasuna zama bihurtzen baitzaigu taldeko ardi beltz izatearen izuz. Niri bai behintzat.
Ez dakit zenbaiten iraultzaile grinak zenbat duen artalde-efektutik, gauzak "egin behar direlako" egin behar horretatik, eta zenbat norbere konbentzimendutik. Baina hobe genuke, tarteka behintzat, gure iparrorratza nork gidatzen duen aztertuko bagenu.