Amaiera kontzienteek ezinbestean eramaten naute hasieratik horra bitartekoa errepasatu eta ebaluatzera. Uda amaieran ere bai, nola ez. Areago, oporraldi hasieran irrikaz, lehertzera doan erloju-bonba deskonektatzera joan denaren euforiaz kasik, zerrendatutako asmoetatik alboan gurutzetxoa zenbati jarri diedan kalkulatzea ohiko inpultso bihurtu da nigan. Ezer originalik ez: lagunak, iratzargailurik gabe lo egitea, bidaiaren bat, liburuak, hondartza, telesailak, mendia…
Eta cross bat gehiago jartzeko aukera eman dit gaur telebistak, kasualki, telesailez elikatzen den lagun baten lagun horietako batek gomendatutako Black mirror eman dutenean. Hirugarren atalean irudikatutako etorkizunean, errealitatetik gero eta gehiago banantzen dituen mundu birtualari jaten emateko energia ekoizten dute gizakiek egun osoan zehar hankartean duten bizikletari eraginez, inora ere ez heltzeko (kasurik onenean).
Sandwichen goiko eta beheko ogi-xerren arteko paralelismo bera eraiki daiteke udako nire lehen eta azken gurutzeen artean ere, Donejakue bidea egin bainuen ekain aldera bizikleta gainean adiskide batekin. Izerdiak, pedalkadek eta ez aurreratzearen sentsazioak baino gehiago du eragina irreala den eszenatoki batean aritzearen usainak, aurrez norbaitek bidegurutze honetan norabide hau hartuko duzu pentsatu eta bidegurutze horretan norabide hori horregatik (gezi horien gaindosiak ere badu zerikusirik) hartzearen usteak, telesailarekiko antzekotasunean.
Xarma galdu zuela aipatu genuen sarritan, aurretik omen zuena ezagutu izan bagenu bezala (eskarmentatuaren plantak egin behar beti)! Ez dakit zer espero genuen bidearengandik, Rapa Nui, Amazonian galdutako tribuak edo Atlantida bera. Port Aventuratik askoz hurbilago dago, ordea. Edozein jateko, tresna edo zerbitzu bihurtzen du salerosketa gai erromesaren etiketak eta kontaezinak, bidea bizibide duten familiak. Oroigarri denda klasikoetatik hasi eta txanpon batzuen truke motxila astunak egun horretarako helmugaraino garraiatuko dizkioten furgonetetaraino, zabala da pelegrinak daukan aukera.
Ezin, ordea, espiritualitatea, xarma (nahi bezala deitu) galdu izanaren errua besteei egotzi. Masifikazioaren konplize baikara abenturazale estiloko bidaia merke eta kirol kutsukoen bila Compostelara abiatzen garenok. Garai bateko kastari eustea edo bertsio kapitalizatuaz guztiok gozatzea, hori aukeratu behar.
Eta amaiera ebaluatu beharrak lerrook inor inora ote daramaten galdearazten dit. Ez ote niokeen, besterik gabe, amaiera eman behar; honi eta udari. Akaso bai. Gainera, irailetik aurrera spining-ean hasteko asmotan nabil aspaldian.