Balkoira irten eta bertan ikusten dut eliza, zut, garai eta gotor. Maiuskulaz eta ia superlatiboan idazten dugun krisiaren ekaitz horrek gu baino lehenago harrapatu zuen bera ordea, eta limosna-poltsak baino lasterrago hustu ardura milimetratuz jarritako eserleku lerroak. Eta goikoaren begien tamala jasangaitz zitzaiela eta, betearen itxura emateko urgentziaz, soinean beroki lodiagoak janzten hasiko zen zenbait akaso; aspaldi utzitako gozoari tiraka beste batzuk, apur bat gizentzeko. Udan bistaratuko zen lehenengoen amarrua ordea; Manuel Torreiglesiasen jarraitzaileak izango ziren azpijokoa abandonatuko zuten bigarrenak, kolesterola, hipertentsioa edo galtza-gonetako kabitu-ezina tarteko. Jaun-andreok, dakizuenez gezurrak motza du bidea (pecata minuta).
Eta fedearena amaitzear omen da. Pena izugarria ematen dit niri honek guztiak, objektiboak izanda abantaila besterik ez baitakar bide honek. Argi dago: San Blas opilak, automatikoak saltatzen duenerako amonak ekarritako kandela bedeinkatuak, Arantzazu aldera bisitan joateko aitzakia, santuen izenean gorriz margotutako egutegiko egun guztiekin eraikitako zubi, akueduktu eta eskapada pila hori… Amaierarena da nik hain argi ez daukadana eta, mesedez, ez gaitezen katastrofistegiak izan!
Azken batean, gutxi izango dira diskurtso deterministari helduta halabeharrez bizi beharrera mugatzen diren horiek, gutxi aurrera egiteko itxaropenik gabeak eta are gutxiago erosi nahi dituzten galtzak aukeratzean Victoria Beckham bezalako erreferenterik ez dutenak. Lagun batek kontatua da bere amak bere erara sinesten duela. Eta arrazoi osoa du: guztiok dugu gure jainkoa. Behar dugu.
Eta katalogoa zabala da gainera. Legeak dioena albo batera utzita, bularraldea puztuta eta burua tentetuta, harro esan baitezakegu existitzen den herri politeistenetakoa dugula gurea. Futbol jokalariak leudeke ranking-eko lehen postuetan, musikariak jarraian akaso, eta aktoreak, bertsolariak, zenbait politikari… Kristo gajoa telebistan atera ez eta atzean geratu zaie, Cristianok ordezkatuta.
Baina kontuak kontu, pozarren nago ni, belaunaldi guztietan fedeak bizi-bizirik dirauelako: eliza bizirik dagoela gogorarazten didan igandeetako kanpai-hots bakoitzeko gazteoi larunbatetan “ai se eu te pego” jartzen baitigute musika-erreproduzitzaileetan, eta jainko zaharrak berriez ordezkatzeko naturaz gaindiko gaitasuna garatu baitugu urte gutxitan.
Amen!