Ezpain gaineko bibotea hatz mamiez tentetu eta kalera irteteko prestatu naiz. Ongi pentsatu ostean, gaurkoan buztana etxean uztea iruditu zait aproposena, jendea aztoratu eta bazterrak aldrebestu besterik ez luke egingo eta. Ez da erosoa.
Pauso baldarrez kaleetan barrena ibiltzeak gosetu egin nauela ohartu naiz eta, nola ez, nire gruyère gaztaren bila nabil orain, sen hutsez. Sentitzen dut zortean sinesten ez baduzue, baina ni gaur zorteko nago: laster izango dut nire zatia.
Izan ere, birziklatzea moda-modan dago aspaldi honetan. Hainbeste, ezen talde ekologisten borroka soil izateari utzi baitio Andoainen; eta denon harridurarako joera bestelako kolektibo eta ideologietara ere zabaldu da. Ez naiz atez ateko zabor bilketaz, erraustegiaren aurreko eztabaidez, parke eta belazeetako txakur kakez eta bestelakoez ari, ez, ez. Gainontzeko udalerriak baino gutxiago ezin izan eta, patrika kontuak tarteko (hala izango da noski), birziklatzea baino are berdeagoa den ekintza burutuko dute herrian: berrerabilpena.
Hiri Antolamenduko Plan Orokorra delako horretan Azpikolako harrobiaren ustiaketa berrabiarazteko egitasmoak aurrera egingo duela erabaki zuten herri ordezkariek orain gutxi. Birekin nahikoa ez eta hirugarren zuloa egingo dute gure mendietan. Horrelakoak gara.
Gezurra esango nizueke orain arteko harrobiekin izugarri sufritu dudala esango banizue. Umetatik ezagutu izan dut Buruntza antzera, eta bideko gurutzeen gutxiagotze kroniko horretaz amonak eskuak buruan eta ahotsa trabatuta hitz egiten didanean baino ez naiz jabetzen bertan egiten denaz: “San Roke ermitari eutsiko ote die sikiera!”. Baina tristetu egiten naiz horrelakoetan. Eta tristetu egin nintzen lehen harria jarri zutenean ere. Eta, paradoxikoki, lehen harria kentzean tristetuko naiz laster.
Barnean daramadan arratoiak gazta zulodunaren etorrera pozik itxarongo duela aitortu berri dit, ordea. Baina bibotea azkura ematen hasi zait oraintxe eta izerditan ari naiz. Lotsa izango da, edo bazkalosteko kafea amorru tanta batez bedeinkatuta. Zorionez, dena den, asteazkenean betirako alboratuko dut nire karraskari izaera eta mozorroa urte osoan zehar soinean daramaten arratoi gizenak kontenplatuko ditut, janari usainak gruyère gaztara erakarrita eskuak igurzten. Eta eurek, izerditu arren, jan eta jan jarraituko dute, bibotea erantzi ezinik.