2000-2010: Gazte Lokalak hamar urte
Esperientziatik hitz egitea zaharren kontua dela uste izan dut beti. Halaber, nire esperientziaren berri emateko eskatu didate oraingoan, eta zergatik ukatu, halako harrotasun bat sentitu dut. Nire buruari heldua ote naizen galdetzea izan da hurrengoa. Eta helduegia naiz Gazte Lokalera joateko. Bere horretan uztea hobe.
Egia da, ez da hemeretzi urterekin joateko toki bat eta ezta, ziurrenik ere, hamasei urteko pertsona batek aukeratuko lukeena. Baina bada aukera bat gehiago, gazteagoentzat bereziki. Biltzekoa, sozializatzekoa... Harreman berriak eraikitzea beti da positiboa, eta sarritan biltzeagatik biltzea ez da gure eskematan kabitzen, biltzea baino aitzakia sendoago bat bilatzen baitugu elkartzeko. Hori iruditzen zait niri.
Hala ere, nerabeen buruak gaixtakerietara zuzenduta daude naturaz, eta Gazte Lokalean “monitoreak” daudela entzuten duen zenbaiti jokabide punkya atera eta ez duela kontrolatua sentitu nahi esango du. Normala da.
Baina zer esan dezaket nik. Hamahiru urteko pertsona punkyenak ere eserleku izoztuen gainean pipak jaten ditu neguko arratsaldeetan, eta ipurdia hozten zaio; pijoxeagoek gameboy bana eskuan hartu eta euren bost bizitzadun pertsonaien bidez komunikatzea aukeratzen dute, hurrengo pantaila lehenago nork pasako.
Guk ere egiten genuen. Eta Gazte Lokalera ere joaten ginen. Gure iritzia kontuan hartzen zen tokia zen, pelikulak ikus genitzakeen, urtebetetzeak ospatu, ping-pongean, futbolinean edo musean aspertzeraino ibili, begiraleekin hitz egin... (Berogailua zegoen gainera!) Guk proposatutako planak eta eurek antolatutakoak aurrera ateratzen ziren eta paintball-ean ibiltzera, eskiatzera, zinemara... joanak gara horrela. Bestela egin ezingo genituzkeen gauzak egiten genituen.
Azken aldian, inguratzen den jendea begi zorrotzegiz epaitzen duenik ba omen da (lehen zortzi abizenak euskaldunak izatea ez baita Gazte Lokalera sartzeko bete beharreko baldintza), joera naturala hori ere. Hori bai, gero denok esertzen gara apur bat ezkerrerago ahal dugunetan eta inkesta bat egingo bagenu Sarkozyren azkenekoak astakeria handienetik haratagoko mugetan kokatuko genituzke gehiengook. Dena den, pentsa dezala bakoitzak nahi duen bezala.
Kontuak kontu, eta, nola ez, esperientziatik hitz eginez, jakin Gazte Lokaleko eskailerak jaistea aintzat hartzeko moduko aukera dela. Bat gehiago.