Ezkerraren berritze aro honetan egozentrikoegi irudi dakizueke zenbaiti norberaren mugei hainbeste erreparatzea, tontakeria itzel askori edota ebidentzia erraldoi beste zenbaitzuei. Ez dut, ordea, nire burua alferrikako justifikaziotan endredatuko, ez behintzat hasi baino lehen. Eta orain hastera noa.
Ustekabean iristen omen dira etortzeke diren onenak. Halaxe, ni baino bi metro aurrerago eta segundoko metro erdi azkarrago zihoan mutil batek kamisetan zigilatuta esaldi bat zeukala ohartu nintzen hauetako egun batean. Pausoa arindu eta zita hau irakurri nuen: “La libertad no hace al hombre más o menos libre; simplemente, lo hace hombre”.
Polita da hori entzutea, inork ez baitu bere pertsona izaeraren inguruan zalantza txikienik egiten. Nik ez. Eta ondorioz, horrelako ezer irakurri ostean, nor ez da ba bere buruaren jabe sentituko? Nork jaitsiko ditu belarriak bere erabakien ardura besteen eskuetan dagoela aitortuz? Harrotasun kontua da. Eta tamalez, gustuko dugu.
Eta gustuko dugu kexatzea. Gozagarri zaigu kritika eta hau eta bestea gaizki daudela esatea. Gure garaian ez zen horrelakorik!?zaharrenek, eta gauza bera, baina hamar duroko hitz neoliberalak erabiliz, gazteagoek. Albokoak ondoratuz azaleratzen garen izaki gisa definitzen gaitu Anarik.
Hala ere, egia da: badugu kexatzeko motiborik, murritza baita hauturako geure buruari uzten diogun tartea. Eta kanpotik uzten digutena. Elkarri uzten dioguna finean. Azken batean, jatetxe batean nahi duguna jan dezakegula irudi dakiguke, karta ekarri eta zerrenda horretan dagoenaz aparte ezer eska ezin dezakegula ohartzen garen arte. Eta gure gutiziak ase beharrean, sukaldean sartzeari uko egiten diogu? lan gehiegi? eta jatetxe horrek Michelin gidako izar hori soberan duela zabalduko dugu lau haizetara.
Gizakia izaki soziala dela irakatsi zidaten, berez hala dela. Guztiok bilatzen baitugu zerbaiten parte izatea. Osotasun baten pusketa garen neurrian menpeko bihurtzen gara ordea. Eta gizarte honetakoak garenez, ingurutik datozkigun eskemetan kabitu beharra daukagu?izan legedia, eskubide eta betebeharrak, ohiturak...?, dauzkagun aukeren artean gurutzetxoa batean edo bestean jarriz.
Ez gaude eskaintzarekin konforme, baina hau handitzeko borondaterik ere ez dugu jartzen. Eta nik zalantza egiten dut ez ote gaituen barne askatasun horrek izutzen, ez ote den daukagun hori onartzea ate berrien irekierak delegatzeko modu erosoena. Ez ote zaigun elkarri inposatutako barne araudi hori droga gozoegi.
Utopikoenek barkatuko didazue, baina askatasuna hormetan baino ez da existitzen. Egungo gizartean nortasun agiria patrikan daramana baino ez baitugu pertsonatzat hartzen.