Buruari bueltak ematea ez dakit askotan ariketa osasuntsua ala zoramenaren espiralaren mugara gehiegi hurbiltzen den alto riesgoko kirola ote den. Bietako edozein (edo bien nahasketa) izanda ere, honetan jardun duenik baldin bada, horiek filosofoak izan dira ezbairik gabe, eta batzuen teorietan hasierako aukeren arteko bigarrenetik arrasto sakonagoak aurki daitezke.
Kontuak kontu, ikasturteko azken hiruhilekoan Wittgensteinen pentsaera aztertu dugu: “nire hizkuntzaren mugak dira nire munduaren mugak”. Hori da pentsalari honen esaldietako bat, eta nire burua biraka jartzearen erantzulea, erruduna. Baina ez bakarra.
George Orwellen 1984 liburua irakurri baduzue, bertan estatu totalitario bat ageri zaigu, zeinetan gizartearen pentsatzeko gaitasuna hizkuntzaren bitartez mugatu nahi den. Honela, estatuak diseinatutako hizkuntza berria inposatzen dute pixkanaka, Neolengua delakoa. Hitzak fusilatzen dituzte, egunero, herriaren ideiak bata bestearen atzetik, etengabe, lurperatuz.
Egia aitortu behar badizuet, duela gutxi jabetu naiz hitzek euren baitan duten botereaz. Azken batean, termino bakoitzaren azpian dago ideia bat, ikuskera bat, pentsaera bat. Eta hizkuntza bakoitzak izango du forma propioa, errepikaezina dena.
Eta ondorioz, hizkuntza bada gure pentsaera mugatzen duena, gauzez ohartzea ahalbidetzen digun tresna, zer gertatuko ote litzateke zubi hori apurtuko bagenu?
Bururatzen zait obrak egiteko desiratzen dagoenik. Neuk baino lehenago ikasiko zuten horiek filosofia, erdaraz agian, baina hizkuntza baten indarra ongi ulertuz betiere.
Sartu berri diren exkabadorei indar hau zenbatekoa den erakusteko garaia heldu zaigu, agian. Ez duzue uste?