Tuentia twenty onegarren mendean: ez ote atzerapenaren seinale?

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Manzisidor 2009ko mar. 3a, 18:49

Izan bagara modernoak gaurko gazteok (hala uste dugu behinik behin) eta ukaezina suertatzen da teknologia berriekiko daukagun dependentzia, adikzioa ia. Komunikazioaren aroan bizi omen gara, sekula baino tresneria zabalagoa baitugu horretarako, eta honetan ere Internetek behar zuen bere txokoa.

Blogak, fotologa, facebooka, tuentia…, perretxikoak udazkenean bezala, hor ari dira atsedenik gabe sarea konkistatzen. Alabaina, hauek ere noizean behin izan lezakete euren arriskua, tartean pozoi tantatxoak gorde baititzakete.

Horren modernoak ez zaretenontzat argibide pare bat: horrelako web orrietan norberak bere txokoa sortzen du argazkiak, bideoak, testuak eta abar zintzilikatzeko. Ideia erakargarria, zalantzarik gabe. Non dago, bada, arriskua?

Ez da astebete izango ezagun batek fotologa itxi zuela esan zidala. Harritu egin ninduen, gauza horietan beti izan baita oso jarria, baina bazuen azalpena. Nonbait, gurasoek, ezer esan gabe berak idatzitako guztia gertu-gertutik jarraitzen zuten. Eta noski, orrialde hauek eskaintzen duten pribatutasun simulatu horretan murgildurik, jendeak bere bizitza osoa publikatzen amaitzen du, baita gurasoek edo beste edonork jakiterik nahi ez dituen kontuak ere, horren ohikoak diren parrandetako proezak esate baterako.

Izan ere, horretan datza arriskuak, oharkabetasunak. Egia da lagunekin tratua izateko bide ezin hobea direla, milaka abantaila eskaintzen dituztela eta komunikatzeko tresna egokia direla, baina beti izan beharko genuke gogoan Interneta leiho zabala dela. Amak esanda dakit txikitan gorde-gordeka aritzen ginenean begiak eskuez estaltzen nituela ezkutatu beharrean, nik gainontzekoak ikusten ez nituenez gainontzekoek ni ikusiko ez nindutelakoan. Antzeko zerbait gertatzen da kasu honetan ere.

Besteak beste horregatik defendatzen dut orain arteko komunikazioa, aurrez aurrekoa, tragotxo bat hartzeko edo etxera beranduxeago heltzeko aitzakia eskaini dezakeen hori.

Eta badakizue, fotolog, facebook, tuenti eta horrelakoen erabiltzaile zaretenak erne ibili, baliteke eta  norbaiti espia lanak gehiegi errazten aritzea!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!