Nire zaintzailearen familiakoak bazkide ziren eta norbait ez zihoanean, neroni joan ohi nintzen haren ordez. Oroitzen naiz nola jazten nuen Realeko kamiseta gorria, “Kraft” iragarkia zuen hura, eta nola korapilatzen nuen lepora inoiz egin izan den bufandarik itxusiena. Eta oroitzen naiz Anoetako 22. ateko eskailera eta porteriaren atzeko eserleku ez oso onez. Oroitzen naiz atsedenaldietan jandako ogitarteko hotzez eta baita komunetan egoten zen kalamu kiratsaz ere. Oroitzen naiz nola oihukatzen genuen “Sagutxo!” Nihatek gola sartzen zuenero. Oroitzen naiz gure ondoan eseri ohi zen gizon gazteaz, beti afoniko egon arren partida osoan oihuka aritzen zen hartaz. Oroitzen naiz zaintzailearen semeen maldizioez gola sartzen zigutenero eta “Asti vete ya!” oihukatzen egoteaz, nahiz eta orduan ez ulertu oso ondo zergatik esaten nituen hitz haiek. Eta batez ere, oroitzen naiz inork ez zidala irrifarra kentzen Realak irabazten zuen bakoitzean eta ezta galtzen zuenean ere.
Laburbilduz, nire haurtzaroko momenturik zoriontsuenetaz oroitzen naiz futbola gogora dakarkidanero. Orain, ordea, futboleko ustelkeria eta kapitalaren diktadura zorrotza ikusten ditut. Orain, maskulinitate hegemonikoak dakarren matxismoa ikusten dut, eta homofobia, eta arrazismoa. Ikusten dut talde ultraeskuindarrak sinbolo eta kolore batzuen atzean elkartzeko zein ahalmen duen eta ikusten dut antifaxistek talde hauei erasotzean jasaten duten kriminalizazioa, “ultra guztiak berdinak direlako”. Ikusten dut hamazazpi urteko ume moko batek nola kobratuko duen urte betean geure aitona-amonek euren bizitza osoan kobratu zutena eta ikusten dut gazteok gehiago dakigula Cristianoren ile-mozketez geure amonei ilea moztu zietenez baino. Ikusten dut nola egiten diren minutuko isiluneak terrorismo islamdarragatik, partida jokatzera doazen taldeek terrorismo hori bera finantzatzen duten erregimenen publizitatea bularrean daramaten bitartean. Ikusten ditut gaur egungo gurasoak hooligan hutsak izaten euren zortzi urteko umeen futbol partidetan eta ikusten ditut ume horiek berak burumakur, euren aitek esan dietelako ea zergatik galdu duten, aurkariak oso txarrak zirela. Ikusten dut futbola zer den eta ez dut atsegin.
Puntu honetara iritsita, irakurleren batek pentsa lezake lehen ere berdin-berdina zela, esan ditudan guztiak pasatzen zirela eta faltan botatzen dudana ez dela futbola, haurtzaroa baizik. Beharbada, arrazoi izango du eta ziurrenik, hori izango da arazoa: oroitu ordez, ikusi egiten dudala. Izan ere, memoriak ez du begirik. Eta gaitz erdi.