Geuk ere ba omen dugu gure oasi partikularra: Euskal Oasia. Espainia den desertu idor eta gorri-hori horretan uhartetxo bat, guztion gozamenerako. A ze pagotxa!
Zerbitzu publikoak espainiar estatuko indizeen puntan beti, per capita errenta altuenetakoak, langabezia tasak ere baxuagoak… nola ez zaio bada deituko oasi! Halere, noizean behin, agertzen dira bestelako albisteak ere. Duela gutxi irakurri nuen euskal egunkari batean pobrezia %46 igo dela azken hamarkadan Euskal Autonomia Erkidegoan. %46. Hamar urtean. Baten batek pentsatuko du horrelakoak eta antzeko albisteak, azkenaldian bederen, salbuespena baino, araua direla. Gero eta gizarte prekarizatuago batean bizi garela eta Euskal Oasiaren kontu horiek fatxada bat besterik ez direla, eguzki goritan desertuan noraezean dabilenak ikusten dituen ispilatze horietakoak. Urrutitik denak dirudi eder, berde eta oparo; gerturatzean, ordea, desertu guztian bezala, gauza bakarra dago eta hori besterik ez: hondar lehorra.
Bada horrela pentsatzen duenari, esango nioke, oker dabilela eta pazientzia edukitzeko. Ikusiko duela hemendik gutxira, berriro ere, oasia nola izango den bueltan, baina oraingoan, oasi hobe bat, garatuago bat. Izan ere, nor akordatuko da palmondo eta datilekin milioika euro balioko dizkiguten bidaiaririk gabeko tren ultra-bizkorrak martxan egotean? Nor oroituko laku ondoetako freskuraz udazkeneko hego haizeak zabor errearen usain epela dakarkigunean? Akaso, beti protestan dabiltzan gazte ganoragabe horietakoren bat, baina besterik ez. Konformatzen ez dena nahi ez duelako izango da, eta gu, zerbait baldin bagara, konformistak gara. Ez?