Kontraesanak

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Muguruza 2020ko mar. 16a, 16:30

Etxetik irten gabe laugarren eguna izango da gaurkoa gutariko askorentzat. Edo bosgarrena. Egia esan, ez du gehiegi axola. Luzerako joango dela dirudi. Erlojuaren orratzak (edo mugikorreko zenbakitxoak) astiro dabiltza gaur goizean, mugitu nahiko ez balute bezala, lo gehitxo egin duten gorputz nagien antzera. Baina, tira, oraindik goiz xamar izango da autokonpasioan erortzeko eta beste egiteko batzuetan jarri beharko dugu geure burua.

Halabeharrez, zaila da beste ezertan pentsatzea egun hauetan, baina, gutxienez, eszena kuriosoak ari da uzten krisialdi hau. Telebista piztea aski da horretaz jabetzeko. Esaterako, atzo Emmanuel Macron frantziar presidente (ultra)liberalak esan zuena: osasungintza merkatuaren esku ikusezin horretatik at egon behar dela zioen. Nork esan behar zigun horrelakorik esango zuenik! Espainiako gobernuburua den Pedro Sanchezek ere  alarma egoera dekretatu zuenean eta autonomia guztiak de facto baliogabetu zituenean, krisialdi honetan mugez eta autonomiez aritzeak ez zuela zentzurik zioen. Biharamunean estatu frantziarrarekin dituen mugak ixteko agindu zuen. Kontraesan horiek bistakoak eta nabariak izanagatik, ez didazue esango kuriosoak ez direnik.  Langile eta familiei ere esan zaie joan den asteburuaren hasieratik etxetik ez irteteko, arriskutsua dela eta gaixotasunaren aurka egiteko erremediorik onena norbera bere etxean geratzea dela. Ordea, iritsi zen astelehena eta ikusi genituen Madrilgo eta Bilboko metroak jendez beteta, lanera zihoazen beharginen aurpegi urduriez beterik. Eta nola ez dira bada lanera joango, gobernuek ez badituzte soldata-konpentsazio eta antzeko neurriak hartzen?

Egun hauetan, ezerk gutxik du zentzu askorik. Baina, dena esaten jarrita, errazena da besteen kontraesanez jabetzea eta norberarenak ahaztea. Izan ere, idatzitxo hau egiten nabilen bitartean ea zergatik edo zertarako ari naizen idazten otu zait. Saiakeratxo literario bat, agian? Kritika politiko bat, akaso? Tira, baliteke, baina gehiegi esatea dela iruditzen zait. Benetako arrazoia askoz ere sinpleagoa delakoan nago.

Berriz begiratu diot ordenagailuko erlojutxoari. Nire harridurarako, bizkor egin du aurrera. Gaurko goiza azkarrago igaro da eta iritsi da bazkalordua. Idatzitxo hau irakurtzen ari zaren bitarteko denbora ere azkarrago pasa bada, izan dadila ongietorria. Izango dugu elkarren berri denbora engainatu nahi dudan hurrengo aldian. Ordura arte, izan ongi.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!