Euskara oztopo denean

Erabiltzailearen aurpegia Odei Esnaola 2016ko ots. 2a, 01:00

Irailean hasi nuen nire ibilbidea erreportari bezala ETBko Euskal Herria Zuzenean saioan. Ia-ia ezagutzen ez nuen hiri eta inguru batean, Bilbon. Pare bat aldiz baino ez nintzen egona Bizkaiko hiriburuan. Jakin, banekien, euskara mailagatik behintzat ez zela goraipatua, ez nuen espero ordea, nire lanean oztopo izango zenik.

Aurrera jarraitu aurretik, azpimarratu behar dut, askotan euskaldun falta baino, kamera aurrean, aurpegia eman nahi dutenak falta zaizkigula. Kasu honetan ordea, matematika hutsa da, geroz eta gehiago, askoz errazago. Gernika, Mungia, Bermeo, Ondarru… Goizero-goizero, gaien banaketan, entzutea komeni zaizkizun herriak, bestela, eguna zaila dator. Kalera ateratzean dator gure erronka.
Erronkak BETI irabazi behar dira, kosta ala kosta, horrek dakarren motibazio eta sufrimenduarekin aldi berean. Burua azaro ingurura eraman, eta Barakaldon txertatu behar dut. Hiru orduz egon ginen bertan, euskaldun bila, ez heldu, ez gazte, ez zegoen modurik. Azkenean bertakoak ez zirenekin osatu genuen erreportajea. Ez genuen guk nahi genuen edukia lortu baina erronka irabazia geratu zen, porrotarekin ia berdinduta.

Askotan, pentsatzen jartzen naiz, nahiko talibana naizela gai honekin. Ez zait buruan sartzen, nire adineko pertsona batek, nola ezin dezakeen gure hizkuntza ulertu ere egin. Ez diot EGAren fotokopia poltsikoan eraman behar dugunik, baina hortik, ulertu ere ez egitera, salto handia dago.

Twitter edo antzeko leku askotan kritikatzen dira ETB1en azaltzen diren gaztelaniazko korteak, ez azpidatzi ezta itzulpenik ez dutenak. Esan, erraz esaten da. Eta zu? Euskaraz jakin arren, jarriko al zinen kamera baten aurrean? Kritika edo iritzi hori babesten duen horrek, emango al lidake iritzia mikrofonoarekin topatzean? Edo nahiago izango dugu itzulpen bikaina eta azpidatzien laguntzaz doan gaztelaniazko iritzia? Askotan errepikatzen dugu EITB hedabide publiko bat dela, guztiona dela, euskalduntzea ere, guztion esku dago.

Eta egunero-egunero, kosta ala kosta, lortzen ditugun euskaldun guztiekin, eta bihotzez egiten dugun programarekin sentitzen duguna? Harrotasuna batez ere, horixe baita gure lana eta geroz eta euskal ahots gehiago gara. Gurekin bat egiten duten kopurua gorantz doa. Horrek egiten du gure eguneroko ogiak beste zapore bat izatea. Lan taldea, euskalki askoren artean osatzen dugu, Bergarako Jaione, Deustuko Ane, Getariako Agus, Erandioko Karlos, Oñatiko David, Galdakaoko Nerea, Villabonako Lierni… Lastima denak aipatu ahal izateko lekurik ez izatea. Aho batez “berba egiten dogu” denok Euskaraz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!