Mihise zuria

Erabiltzailearen aurpegia Odei Esnaola 2013ko mai. 7a, 10:15

Imajinazioa, ezagutza baino garrantzitsuagoa da” esaten zuen Albert Einsteinek, eta ziurrenik, bere esperientziatik ondorioztatu zuen zerbait izango da. Lerro hauetan, sormen lanari buruzko hausnarketa txiki bat egin nahi dut. Egunetik egunera, egoera gehiagok itotzen gaituzte, eta giltzarik gabe sentitzen gara sarraila irekitzeko, batzuetan, argirik ere ez dugu atea bilatzeko.
Azken hilabeteotan, une oro buruan bueltaka dabilkidan gauza bat da “berritzaile” hitza.

Unibertsitatean, kalean, komunikabideetan… Etorkizun oparoko erreminta berria da. Bizitza bera izango da berritzaile izaten erakutsiko diguna, baina bitartean norberak atera beharko ditu eltzetik babak.

Behin eta berriz erabiltzen dugu “original” hitza. Urteko sasoi desberdinetan ondo datorren hitza da, alajaina. Adibidez: Gabonetan opariak erosterakoan, koadrila eguneko kamiseta diseinatzerakoan, despedida bateko dekorazioan pentsatzean... Interneteko atari desberdinetatik mila buelta emanda ere, inork ez du ezer argitzen, estutasun baterako aurkituko duzu soluziorik, baina ez betirako salbaziorik. Originala eta pertsonala eskutik emanda doaz; amaren irribarrea, umetan egindako buztinezko kikara haren aurrean; Swaroski kristalak baino ederragoa dena. Originala izan beharko lukeen mihise zuriarena.

Egunero, edozein aldetara begiratuta, mihise hori atontzeko guztia daukagu. Ez ditugu ikusten, ez ditugu ikusi nahi. Atontzeko guzti hori, ordea, ez dago dendetan. Berriz ere, lehen paragrafora begiratuta, sormen lanari eusten diot. Ezin ukatu, originaltasuna, sormena eta berritzaile izatea eskutik emanda doazela. Benetan, eta zin egiten dizuet, gustatuko litzaidakeela zuei errezeta edo formularen bat luzatzea. Baina ezin. Eta sinets iezadazue, niri nahiko buruhauste ematen dizkidan gaia dela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!