Oraindik telebista errege

Erabiltzailearen aurpegia Odei Esnaola 2012ko uzt. 20a, 09:50

Urte sasoi honetan, biztanleriaren %97,5ak egunero edo ia egunero du telebista ikusteko joera; modu publiko nahiz pribatuan. Entretenitzeko eta informatzeko egin ohi dugun arren, mezu subliminalez itotzen gaituen kaxaren aurrean jartzen gara. Nor ez da albistegiek eman duten aldaketaz jabetu? Helburu informatiboetatik entretenimendura emandako aldaketaz? Ez al da nahiko irregularra?

Gizartearentzat elementu erabilgarrienetariko bat izan beharko lukeena, interes politiko eta sozialen araberako produktua da. Produktua diot, benetan behar dugunera egokitu beharrean, negozioa duelako berme bakarra. Hau gutxi balitz, batzuetan hala iruditzen ez bazaigu ere, telebistaren hipnotizatze ahalmena uste baino handiagoa da. Are gehiago, etxe batzuetan, telebista familiako beste kide bat dela dirudi. “Ikusi al duzu telebistan esan dutena...?” bezalako esaldiak ez dira inoiz falta lagun artean; eguneroko bizitzan guztiz ohikoak. 

Ba al da inor Eurokopako garailea zein den ezagutzen ez duenik? Garaipenaren ondorengo egunetan hedabide pribatuetako albistegiak gertutik jarraitu nituen: Informatzeko helburuarekin zoaz, baina albiste diren arrisku primaren gorakada edo Valentziako suteak ia aipamenik gabe geratzen dira. Baina lasai, entzun “nahi” genuena kontatu ziguten, entzutea gorroto duguna ezkutatuz. Espainian mundu guztia ospakizunetan, eta bitartean, bigarren erreskate plana gestio bidean eta Valentzia bere historian izandako suterik handienari aurre egin ezinik. Horrelako gezur bat saltzeko gai badira, zer gehiago egiteko ez ote dira gai?

Etxeko telebista pizten dugunean, hiru kate mota aurki ditzakegu: Alderdi Sozialistaren telebista, Popularrena eta askatasun independentea defendatzen duten politiko proxeneta minorizatuena. Bakoitzak dagokion alderdiko propaganda egitea helburu hartuz, edukiak nahiko finkatuta daude: kate batean Sevillako dantza tradizionalak, bestean eskuin alderdia kritikatzen duen humorista, eta horrela amaiera urrun duen errenka bat osatzeraino. Errezeta honen osagaiak erraz aipa ditzakegu: Gezur batzuk hemendik, kazetaritza sensazionalista handik eta hara! Nahi dutena kontatzeko gai dira, milioika pertsonei iruzur egin eta gezurrak egi bihurtuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!