Kilometroak ez dira metro bihurtuko

Erabiltzailearen aurpegia Odei Esnaola 2012ko urt. 3a, 09:56

Donostialdeko metrorik gabe, gauzak ez dira berdin joango gipuzkoarrentzat edo hori sinestarazi nahi izan digute tren berriaren alarde egin dutenek. Eusko Jaurlaritzaren web gunean esateko; edonork pentsatu lezake etxerako garbigailu bat saldu nahi digutenik. Jakin badakite, gai polemikoa dela metroarena, hala ere, aurrera jarraitu nahi izan dute Gipuzkoako Bilduren gobernuak hankak geratu dizkieten arte. Nire iritziz, politikarien helburua, trenaren aurrean argazki bat ateratzea baino ez da, herriaren ongizatea bigarren plano batean utziz.

Gipuzkoarron %60 izango litzake onuraduna. Ez da gutxi, baina kontuan izanda portzentaje handiena Donostian biltzen dela, garraioaren inbertsioa leku horretara mugatuko litzake, Urola kosta, Debagoiena, Tolosaldea edo Goierri bezalako eskualdeak alde batera utziz. Egun dauden zerbitzuak hobetzea da estrategikoa eta ez 700 miloi euroko inbertsioa egitea dagoeneko Gipuzkoako garraio onena duten herriei. Nik Donostian autobusa hartu dudanean txundituta geratu naiz ordutegiekin eta zerbitzuarekin, nahiago nuke guk Donostian adina autobus izango bagenitu Tolosara, Andoainera edo eskualdeetan zehar mugitzeko.

Gai honen inguruko hainbat artikulu eta albiste irakurri ondoren, arazoa soziala izateaz gain politikoa dela ere konturatu naiz. XXI. mendea izanik, Euskal Herria nahita nahiezko azpiegiturak izatera ‘behartuta’ dago: Pasaiako superportua, Abiadura Handiko Trena, Erraustegia… Badirudi gauzak berritu beharrean, hobea dela berriak egitea. Politikariek oihartzun mediatiko eta sozial handiagoa dute zerbait inauguratzen dutenean. Horrela badirudi zerbait egiten dutela, hain da egiazkoa hau, beraien legealdietako merituak horrela neurtzen dituztela.

Metroaren obrak ekologikoki duten garrantziaz ere ez gara ohartzen, eta umeak bezala burugogorkerian jartzeko joera dugu gauza batekin tematzen bagara. Aurrekontuak %70 jaitsiko lirateke, metroa hitza tranbian bihurtuko balitz. %90 bizikletaren aldeko benetako apustua egingo bagenu.  Leku batera 10 minututan iristen bagara, 5ean iritsi nahi dugu, eta hori lortzen badugu, hurrengo helburua 2 minututan iristea da. Non dago inflexio puntua? Gauza asko daude hobetzeko eta apustu berriztagarriak beharrezkoak dira mende berrietara egokitzeko, gauza bat ordea, argi izan behar dugu, kilometroak ez dira metro bihurtuko mila obra eginda ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!