Legala ala justua?

Erabiltzailearen aurpegia Odei Esnaola 2011ko urr. 6a, 09:37

Hamahiru urtez okupatuta  eta sistema ekonomikoa autogestioa izan duen Kukutza gaztetxea hustu eta eraitsi egin dute Bizkaiko hiriburuan. Ezertarako ez du balio izan horrenbeste urtez eskaini dituzten kultur ekintza, ehunka tailer eta Errekalde auzoko bizilagunek emandako babesak.

Bilboko Udal taldearen nagusitasuna agerian geratu da eta berdin izan zaie bost mila pertsona baino gehiagok Kukutzaren aldeko aldarrikapena egitea.

Aldarrikapen nagusia hustu zuten egunean izan zen. Hamabi ordutan antolatutako manifestazioa izan bazen ere, parte hartzea ikusgarria izan zen, komunikabide nagusiek jakinarazi zutenez bost mila pertsona ingurukoa. Nire begiz ikusteko aukera izan nuen manifa; guztiz koloretsua, adin eta kolore desberdinetako jendearekin. Honek, gaztetxearen aniztasuna eta aukera zabala agerian utzi zituen. Ez zen nahikoa izan, ordea, Udala konbentzitzeko.

Desjabetzearen berri jakin genuenetik Udalak Kukutza ez zuela salbatuko jakinarazi zuen, ez zituela sei miloi euro ordainduko eta desjabetze prozesuak aurrera jarraituko zuela. Horretarako beraien ustez, parasito sozialak direnak bota behar zituzten beraiena ez zen eraikuntzatik. Hitzak izan ezik denetik erabili zuten: tanketak, helikopteroak, gomazko pilotak…, guzti hau noski, Ertzantzaren eskutik. Desjabetze prozesuak 36 zauritu eta 31 atxilotu utzi zituen, baina, Rodolfo Aresen arabera hiru zauritu besterik ez ziren izan. Ez zen esandako gezur bakarra izan, ertzainen jarrera zoriontzekoa eta proportzionala izan zela ere esan zuen herrizaingo sailburuak. Emandako egurra, proportzionala dela iruditzen bazaio, begiko graduazioaren aldaketa planteatu beharko genioke Aresi.  

Kasu hauetan, zenbateraino izan beharko luke indarra legeak? Udalak zergatik ez du baloratu parte hartze masiboa zuen gaztetxe hau? Herritarrek ikusi ere egingo ez duten dirua jasoko dutelako, adibidez? Hori bai, Kukutzak bere funtzionamenduan inoiz gastatu ez duen dirua gastatu du Udalak desjabetzean eta ertzainen munizioan. 

Ez da entzun dugun lehen desjabetze kasua, baina bai dudarik gabe estigma sozial handienetarikoa izan duena. Lehenago bi etapa desberdini aurre egin ondoren, Kukutzak, hirugarrenean, legearen kontrako borroka galdu du. Legea ardatz moduan hartuko bagenu, eraikinaren jabeak eskubide osoa du bere eraikina saltzeko. Aldiz, justiziaren izenean hitz egingo bagenu, hamahiru urte hauetan eraikinaren mantenuaz arduratu diren gazte taldeak eskuratu  beharko luke jabetza eskubidea. Balantza batean jarriko bagenitu, zein aldek izango luke pisu gehiago, legeak edo justiziak?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!