Inuxente!

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Iguaran 2013ko urt. 11a, 14:12

Abenduaren 28ak beti ematen du jokoa, eta ez da gutxiagorako izan azkenekoa. Ziur asko, denek darabilzue oraindik buruan adarjotzeren bat. Nik, Amasa-Villabonako hormak bete zituen txantxa bat hartu nahi nuke aintzat. Besteren bat ahazten ez bazait, bi izan ziren kalean ikus zitezkeen gezurrezko abisuak: batetik, Udalak eman ohi dituenen gisako bando bat; eta bestetik, herritarrak etxeetako balkoietan Espainiako bandera jartzera behartuta zeudela zioen oharra. Egutegia begiratzeko tarterik hartu ez zutenentzat, kezkatzeko modukoak, biak ere.

Bandoari heldu nahi nioke. Ikusi ez zenutenentzat, Udaletxeko bando ofizialen itxura zuen. Bertan azaltzen zuten, atez ateko zabor-bilketaren aurka jasotako firma kopuru handia ikusirik, proposamena bertan behera uztea erabaki zela; eta gainera, sistema horren aurkako jarrerak zuen babes handia ikusita eta Zubietakoen desioak entzunda, erraustegia Arratzainen bertan jartzea proposatu zitzaiola Diputazioari (eta hortxe zekartzan, lekuaren mapa eta ordenagailu bidez eginiko eraikinaren diseinua).

Bi multzotan sailka ditzakegu honen aurreko erreakzioak; batzuk beldurtu edo haserretu egin ziren, egia zelakoan; beste batzuek, aldiz, barre egin zuten. Azkeneko horien artean nengoen ni, ziriaren ideiak eta zuen itxura serioak harrituta. Ez dakit, oraindik, kritika moduan edo negar ez egitearren barre egitea aukeratuta egin ote zuten. Biak, seguru asko. Amets Arzallusek behin idatzi zuen moduan, “irribarre egitea hortzak erakusteko modu bat da”.

Zalantzan nago, atez ateko sistemaren aurkako dokumentua sinatu duten horiek, eta ondorioz erraustegia zaborra kudeatzeko era egokiagotzat jotzen dutenek erabakia ontzat emango ote zuketen egia izatekotan. Izan ere, bi pertsona mota imajinatzen ditut horien artean: izango dira, atez ateko sistemaren desabantailak ikusita, beste sistema batzuk egokiagotzat jotzen dituztenak, erraustegia barne. Baina izango dira tartean erraustegia beren herrian ez jartzearekin konformatzen direnak ere. Esan nahi dut, erraustegia ez dutela konponbidetzat joko horietako askok, baina euren ondoan jartzen ez duten bitartean, ez dutela eskurik zikindu nahi zaborra banatzen.

Azken hauetakoa bazara, ez nekatu lerrook irakurtzen, ni ere ez bainaiz nekatuko azalpenik ematen. Aurrenekoen artean daudenei, aitzitik, ados egon ez arren, errespetu osoa zor diet.

Dena dela, erraustegia auzoan imajinatzeak gaia birplanteatzera bultzako gaituela espero dut. Inuzentekeria batzuk garesti ordaintzen dira, eta ez dira abenduaren 28arekin batera amaitzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!