Haiziak bidali du handikan honuntza...

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Iguaran 2010ko mar. 17a, 15:35

Oraindik azken haizeteak eragindako zauriak ageri ditu lurrak. Alarma gehiegi askoren ustez; izan ere, nahiko beldur eragin zuen ziklo-genesi haren aurreikuspenak. Alerta gorriaren eraginez hainbat neurri hartu ziren etxe askotan, ahal zen neurrian guztia Zintiagandik babesteko. Kosta izan zen gune arriskutsuenaren izena hartu zuena. Dena den, badirudi barrualdean gogorrago astindu zituela bazterrak. Izenburuan aipatu bezala, haizeak ekarri zuen Zintia kostaldetik barrualdera.

Horrela ulertzen dut kostan haizete arriskutsu horren zain zeudenek txantxa gisa hartu izana guztia: “Hainbeste egun jendea beldurtuz eta alarma sortuz, eta balkoian eskegitako arropak ere ez dizkigu astindu”. Baina aski zen soa gure etxetik haratago altxatzea, haize-bolada honek utzitako kalte anitzak ikusteko.

Hala ere, badugu halako ohitura bat, guk ikusitakoa hala izan dela sinesteko, besteen ikuspuntuen zain egon gabe; badugu halako harrokeria puntu bat, zeinak ama lurrak hortzak erakusten dizkigunean ere, indar eskasa duela eta bere gainetik gaudela sinestarazten digun.

Hainbesteraino heltzen da harrokeria hori, non benetako txikizioak ikusita ere, ez baikara naturaren indarra onartzeko gai. Esaterako, Haitin gertatuaren aurrean, askok pentsatuko genuen lurrikara hori hemen gertatu izan balitz oso kalte txikiak eragingo lituzkeela; eta egia da neurri batean. Baina egun hauetan hemen eman da adibide bera, eta bizkaitar batzuk entzuten nituen lehengoan autobusean azken haizeteari buruz berriketan, eta Gipuzkoan teilatuak eramatera ere heldu zela aipatu zutenean, agian haize izugarria ibili zela ondorioztatzetik urrun, teilatuak zaharrak eta erortzear zeudenak izango zirela esanez amaitu zuten. Gustura eramango nituzkeen zenbait etxe ikustera. Baina pentsatzen jarriz gero, nik ere nire begiekin ikusi ez banitu, ez nukeen sinetsiko posible zenik.
Mundu hau gurea dela oso sinetsia dugu, eta gurea balitz bezalaxe jokatzen dugu. Baina natura bere lekua eskatzen hasten denean arazoak izaten ditugu. Ez zaigu buruan sartzen hemen nork agintzen duen.

Azken aldian gainera, inoiz baino gehiago ohartu beharko genuke bere indarraz, Haiti, Chile eta Turkian gertatu diren lurrikarekin. Lurra geratu da, baina bertakoek dardarka darraite. Hasierako solidaritatea amaitu da, eta orain eurek egin beharko dute aurrera. Guri ahaztu egingo zaigu, noski, eta gurean jarraituko dugu.

Alde batera ulertzen dut ama-lurraren gainetik gaudela pentsatzea, bestela ez baitago ulertzerik horrelako gertaera beldurgarri baten ostean nola eragin dezaketen are beldur gehiago sakeatzaile eta bestelakoek. Naturak baino kalte handiagoak sortzen ditugu, dirudienez lurrak baino pitzadura handiagoak ditu gizarteak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!