Bertsolaritza ez da txapelketa, edo ez hori bakarrik behintzat

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Iguaran 2009ko urr. 14a, 19:17

Aiurrirako zeri buruz idatzi pentsatzen hasi nintzenean, hitz eman nion nire buruari ez nintzela txapelketa nagusiari buruz jardungo. Zuetako asko bezala, ni ere nazkatu samarra bainago azken aldian behin eta berriz entzuteaz txapelketa honen handitasunaz, eta bertsolariek aurten dakarten indarraz, ekidinezinak diren porrez eta noski, faboritoei buruz… Azken batean, egun hauetan beste gairik ez da.

Honekin ez dut esan nahi txapelketa gogoko ez dudanik, aitzitik, nik ere jarraitzeko asmoa dut, beste milaka zalek bezalaxe. Baina gehiegizkoa iruditzen zait ematen zaion garrantzia. Badirudi gaur egun bertsolaritza txapelketara mugatzen dela.

Berriz diot, ni ere desiratzen nagoela txapelketa honek eskainiko dizkigun sorpresez eta ilusioez gozatzeko, baina gustatuko litzaidake zenbait zaleri begiak irekitzea. Izan ere, bada txapelketako saioetara soilik joaten denik, edo urte guztian beste saiorik ikusi ez arren, BEC-eko finalaren zain lau urtez itxaroten egon denik. Jende hori, urtean zehar herri guztietan egoten diren saioak ikustera gonbidatuko nuke, ikus dezaten ez dela zertan txapela jokoan egon bertso onak entzun ahal izateko. Gainera, txapelketak eskaini ezin dituen gauza berriak ikusi ahal izango dituzte, doinu bereziak, gitarraz lagunduriko koplak, dantzatzera aterako dituzten bertsolariak…, eta nola ez, baita saio tradizionalagoak ere. Ez nuke zale horien aurka ari naizela pentsatzerik nahi, proposamen bat luzatu besterik ez dut nahi. Ez baita berdina bertsolariaren jarrera ere. Askotan, presioak ez die saioaz gozatzen uzten, eta egun txar bat izateak euren irudia aldatu lezake jendearen begietara. Gogoan dut adibidez, duela lau urte, Maialen Lujanbiok ez zuela bere egun onena izan finalean; baina urtean zehar bertsotan ikusi bazenuten, ohartuko zineten txapela ez zaiola handi geratzen.

Bestalde, aipatzekoa da txapelketa hau antolatzeko egiten den lan guztia, baina aipatzekoa halaber txapelketari ateratzen zaion probetxua. (Ikusi besterik ez da, adibidez, finaleko sarrera bakoitzaren kostua 26na eurokoa dela). Txapelketa negozio bihurtzen ari ote da? Ez dakit.

Ni, ekartzen dituen emozioekin geratuko naiz. Jendeari gogoratu nahi izan diot bertsolaritza txapelketa baino gehiago dela, eta ezagun egiteko erakusleiho bat izanagatik, ez dela bakarra.

Honenbestez, goza dezazuela ikuskizunaz, nik egingo dudan bezala. Parte-hartzaileei ere zorterik onena opa nahi diet, ea gozarazi adina gozatzeko zortea duten.

PD: Nire buruari emandako hitza hautsi dut, txapelketak aipatu dudan jendea bezain itsututa naukalako akaso…

2009/10/16

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!