Konpartsa non, gu han

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Iguaran 2008ko aza. 18a, 18:28

Badira aste batzuk konpartsako entseguekin hasi ginela; badira aste batzuk ikastolako ganbara jendez eta ilusioz bete zela; badira urte batzuk horrelakorik ikusi ez genuela.

Izan ere, azken urteetan ez da konpartsarik antolatu. Nik, esaterako, txikitatik ikusi izan dudan zerbait da, eta beti egoten nintzen jende artetik begira, niri ere dantzatu ahal izateko adina  noiz iritsiko zitzaidan zain. Tamalez, ohitura hura galdu egin zen nik aukera izan aurretik. Orain artean, beraz, etxean nuen bideo zahar bati begiratzea zen konpartsa ikusteko aukera bakarra niretzat. 1992 urteko konpartsaren grabaketa da etxean dudana, Villabonan egin zen lehen konpartsakoa, hain zuzen. Nik ez dut gogoan, bi urte bainituen orduan; hala ere, beti pasatu dut inbidia: ikusi dudanero.

Baina iritsi da azkenean ohitura hura berreskuratzeko unea. Polita da dantza taldeko jendeak ere nik besteko gogoa duela ikustea, eta are politagoa sekula dantzatu ez duen jendea ikasteko gogoz ikustea. Orain artean entseguetan dagoen giroa nabarmenduko nuke, espero baino jende gehiago animatu delako, eta animatu diren haiek lanerako prest etortzen direlako. Batez ere, ezer ez dakitenen jarrera aipatu nahi nuke, pauso berri bakoitzari irribarre batekin ekiten diotelako, eta pixkanaka, pauso bakoitza ikasi ahala, urrats handiak ematen ari direlako.

Dena den, ez dira dantzariak asmo hau aurrera eramateko lanean diharduten bakarrak, dantzariez gain herritar asko ari baita pertsonaiak prestatzen, materialarekin laguntzen…

Eskerrik beroenak luzatu nahi nizkieke laguntzeko prest dauden guztiei, eta eskerrak beste behin parte hartzera animatu diren guztiei. Egia esan, gazte asko animatu izanak harritu nau, mutilak batez ere. Ez nuen inondik ere hainbeste mutil animatuko zenik espero, eta bazen garaia, lehen gizonez jantzitako emakumeak ugariagoak zirelako, eta galtza pare batzuk behar genituelako hainbeste gonen artean.

2008ko maiatzaren 9a

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!