Iñauteri: mozorro bat, bi aurpegi

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Iguaran 2008ko mar. 6a, 10:43

Atzera begira jarria nago, pasa berri diren Iñauteriei, hain zuzen. Aurtengoak ere, gogoratzeko modukoak izan dira. Ia egunero eguraldia lagun izan da, eta hala ez zenetan ere giro alaia gailendu zaio zeru tristeari. Nor ez du bada animatzen, txarangaren doinuak?

Egia esan, beti izan dut gogoko festa hau: kale guztiak kolorez jantzita ikustea, zezenak ikustera joatea, parranda pixka bat egitea eta mozorrotzea, batik bat. Baina ez gaur egun mozorrotzen garen moduan (apropos erositako jantziekin edo azken urtean hainbeste ikusi diren buzoekin…), irudimenak diseinatutako mozorroekin baizik. Esango nuke, hori dela Iñauteriak berezi egiten dituena; egun batez nahi duzun hura izateko aukera. Izan ere, apoa printze urdin izan liteke, eta neskamea printzesa, edo hala sentitu gutxienez. Berdin izan zaitezke super-heroia, edo eta mozorro original bat har zenezake aitzakia gisa zure buruaz barre egiteko, eta nola ez, gainerakoei barre eginarazteko. Urtean behin izango bada ere, beste mundu bat sortu, desio duzuna izatea ahalbidetuko dizun mundu magikoa, non zaharrak haur bihur daitezkeen eta baita alderantziz ere. Baina mozorrotzea bezain garrantzitsua da mozorroa garaiz eranztea, Iñauteriak bukatzean hurrengoen zain geratzea. Arriskutsua delako garen hura mozorro atzean ezkutatuta eramatera ohitzea, eta festa garaitik at urte osoan zehar mozorroen atzean gordeta bizi den zomorro gehitxo dagoelako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!