Iazko ekitaldiko argazkia ikusiz gero, eta lehen lerroko aulkietan nortzuk eseri ziren erreparatzen badugu (alegia, frankismoaren hatzaparrik hiltzaileena zuzenean eta etxean sufritu zuten pertsonentzat gordetako lekua), bada, agudo ohartuko gara belaunaldi bat joan zaigula. Esanguratsua iruditzen zaigu datu hori, maila pertsonalean zein memoria historikoaren aldeko berreskurapenaren azken urteetako ibilbidean.
Bizi-legeak aginduta, mingarria egin zaigu ikustea, urtez urte, nola gutxitzen joan den gonbidatu berezi horien presentzia; batzuk hiltzen joan direlako, eta besteak (bakan batzuk), bizirik segi arren, fisikoki jada gauza ez direlako Etxeberrietako zelai horretara hurbiltzeko.
Izan ere, 2022ko argazki hartan, soilik bi pertsona topa daitezke 1936ko belaunaldi hartako kide gisa: Rafael Benitez Anguas eta Joxe Aldasoro Gonzalez. Biak ere, omenaldiaz geroztik, hurrengo hilabeteetan hil ziren, ekainaren 18an bata eta abuztuaren 14an bigarrena.
Belaunaldi enblematiko oso baten giza galera horren haritik, bost bat gogoeta iradokitzen zaizkigu, labur aipatuta:
Lehena. Horiei guztiei, frankismoaren “biktima” izatea beraiek hautatua ez izan arren, halakotzat ere jo behar ditugu, eta gorazarre egin. Zutik, errespetuz eta duintasunez eutsi zioten beren familiarren oroitzapenari, eta toki berezia hartuko dute modu sinbolikoan bada ere, aurtengo zen etorkizuneko ekitaldietan. Aurreko urteetan joan zaizkigun antzeko gainerako biktimek legez.
Bigarrena. Benitezen, Aldasororen eta beren belaunaldiko hamaika kideen biografia arakatzen hasita, nor bere aldetik, nekez topatuko ditugu. Txoratuta gauzkaten Netflixeko moda-modako serieak baino askoz zirraragarriagoak.
Biren bizipenek, hain justu, beren garaiko biktima gehienen-gehienena islatzen gaituzte. Antzekotasuneko gertakizun krudelak jasan behar izan zituzten haurtzaroan, edonor betirako traumatizatuta geratzeko moduan. Biek ere familia markatuko kideak izan ziren, eta, “gorri” edo “separatista” gisa etsai estigmatizatuak izaki, bazterkeria soziala modurik krudelenean jasan behar izan zuten. Larrutan ikasi zuten zer den guztien aurrean lotsagarri eta barregarri geratzea, nahiz eurek ezer ez egin.
Rafael Benitezi, eskola kumea izanik, ikastetxean, “°Un dos tres, Rafael rojo es!” oihu eginez egiten zioten burla ikaskideek, frankismoaren adoktrinamendua irakaskuntzara iritsia baitzen ordurako. Kalera irteten zenean, berriz, herriko jauntxo nazional-katolikoek alkandora urdina janztera eta bandera espainoleko besokoa eramatera derrigortu nahi izaten zioten. Nolanahi ere, haien esanetara, makurtu nahi ez-eta, urte bete egin zuen jolastera irten ezinik. Beldurrak akabatzen geratzen zen etxe zuloan.
Joxe Aldasorok, bere aldetik, eskolan jasaten zuen, herriko eskolan, doktrina emateko orduan, gelako ikasleak On Konstantino apaizaren aurrean jartzen zituzten. Banan-banan, izen-abizenak eta ze auzokoak ziren adierazi beharreko unean, “Hijo de rojillos!” oihu egin, eta zarta! masailekoa ematea, bat izaten zen. Inpunitate osoz.
Hirugarrena. Erailketak erailketa, eta traumak trauma, harrigarria da Benitez eta Aldasoro zenbateko tinkotasunez saiatu izan ziren, beti, frankismoaren biktimen oroimenari eusten, euren bizipenaren gaineko testigantza emanez, eta beren senideen zein beste milaka eta milaka biktimen aldeko ekimen publikoetan parte hartuz. Andoainen azken bi hamarkadetan egin diren omenaldi publikoetan, hantxe egon dira, umil-umil, beren anaiaren edo aitaren oroitzapena bizirik mantentzen. Mendekurik ez dute eskatu. “Egia, justizia eta aitormena”, besterik ez.
Laugarrena. Egiarik jakin gabe, justiziarik ezagutu gabe, joan dira; ez 40 urteko frankismoan ezta 45 urteko demokrazia formalean ere. Beste milaka eta milaka biktimen antzera. Frankismoak berak baino urte gehiago dituen demokrazia formal honek, klase politikoak ahaztuta eduki ditu, nahiz eta hitzetik hortzera biktimen aldeko diskurtso barru-hutsak adierazi, eta nahiz eta ahal izan duten guztietan ederki saiatu biktimen ondoan agertzen komunikabideen argazki eta fokoen aurrean.
Egun, Memoriaren legea onetsi dute Madrilen, eta onestekoak dira Gasteizen. Merkezurrean eta biktimen presio sozialak eta iraganarekiko kontzientzia txarrak derrigortuta egindakoak dira, eta esaterako, justiziaren atala ez dira ukitzera ausartu. Nondik gatozen kontuan izanda aurrerapausotzat hartu behar diren arren, etsipenez eta amorruz aitortu behar dugu, beranduegi datozela. Beranduegi Aldasororentzat, Benitezentzat eta frankismoak aplikatu zuen disidentziaren suntsiketa-politikaren biktimentzat nahiz hartatik iraun-bizi ostean demokrazian gure artean bizi izan diren makina bat belaunaldientzat (tartean alargunak, umezurtzak…). Injustizia itzelagorik ba ote?
Bostgarrena. Ebidentzia historiko bat: belaunaldiz belaunaldi eta eskuz esku igaro beharra dago lekukoa, baldin eta herri batek bere memoria bizirik gorde nahi badu. Datorren larunbatean, Alfaro parkean egingo den ekitaldia, eta antzekoak, aukera politak izan daitezke gure aurrekoen lekukoa hartzeko. Zutik mantentzeko frankismoak erail, atxilotu, exiliora bidali, genero indarkeria sufriarazi, langile batailoietan esklabu gisa esplotatu… zituen pertsona haien oroimena ez ezik, frankismoaren tunel ilunetik bizirik irten ondoren memoria transmititu diguten herrikide guzti horien oroimena ere.
Zera adierazi nahi da, azken batean: ”ez ditugu ahaztuta, eta etorkizunean ere ez ditugu ahaztu nahi”.