Joxepa Usandizagari eta Milagros Ieregiri, esker onez

Erabiltzailearen aurpegia oroituz 2024ko abu. 19a, 07:41

1963an, San Roke egunean, jendetza meza entzuten (Argazkia: Andoaingo Udal Artxiboa, © Moises San Jose)

Patuak edo dena delakoak hala nahi izan du, eta egunotan joan dira betirako gure artetik Joxepa Usandizaga eta Milagros Ieregi, Buruntzako auzotarrak; Buruntza auzoan jaiak ospatzen ari ziren egunetan, edo atarian joan dira, hain justu ere. Biak ziren auzoaren maitale amorratuak, hiztun atseginak eta oroimen oparokoak, eta testigantza aberatsa eman diote Oroituz elkarteari, azken aldian. Biri aitortza egitea dagokigu, hortaz.

Joxepa Usandizaga Murgiondo Serorategi baserrian San Roke egunean jaio zen, 1930eko abuztuaren 16an (nola diren gauzak!), eta joan den asteazkenean, abuztuaren 14an eman zuen azken hatsa.

Joxepa Usandizaga, Serorategikoa

 

Milagros Ieregi Arregi, berriz, Jeneralenean (Elizagarate Aundi) 1935eko urriaren 27an etorri zen mundura, eta abuztuaren 16an, 88 urte zituela hil da.

Ieregiri astelehenean, abuztuaren 19an egingo diote azken agurra, San Martin parrokian, 18:30etik aurrera. Egun berean hildako Anttoni Aierberen eta bien aldeko hileta izango da ospakizuna, hain justu.

Milagros Ieregi, Jeneralenekoa

 

Jendartekoak eta hiztun apartak ez ezik, oroimen oparoko emakumeak izan dira benetan, orain asko ez dela gaixotasun hilkorrek kolpatu dien arte.

Oroituz elkarteko kideok beraiekin solasaldi atseginak egiteko aukera paregabea izan dugu azken hilabeteetan, gozamen ederra izan da eurekin hizketaldia edukitzea, benetan!

Makina bat kontu jakingarri azaldu zizkiguten Buruntzako auzoaren, bere auzokideen, San Roke eta bere ermitaren, edota, auzo-jaien gainean. Eta alde horretatik, esker oneko azaldu beharrean gara biekin. Eta nola ez, aitortza horrekin batera, doakie doluminik sentikorrenak euren senitartekoei.

Joxepak eta Milagrosek, iragan jakin baten deskripzio soziala, kulturala, etnografikoa… egiten lagundu digute. Beren testigantzak zein auzoko beste zenbait bizilagunenak ezinbestekoak egin zaizkigu azken aldian argitara eman dugun “Jainkoagatik eta Espainiagatik eroritakoen” Buruntzako gurutze frankista liburua osatzeko.

Bi emakumeek, beren kontakizunekin, besteak beste, nahiko argi deskribatu zizkiguten Buruntzako bizi-komunitatearen nortasuna eta bere ezaugarriak; nabarmen azaldu ziguten gure aurreko belaunaldiek (badoazenak poliki-poliki gure artetik, bizi-legeari jarraiki) nola maite zituzten Buruntza auzoa eta auzotarrak, zenbateko debozioa zor izan zioten Roke santuari zein bere ermitari, zer nolako grinarekin eta alaitasunarekin ospatzen zituzten bertako jaiak…

Benetan bizi egiten baitzituzten auzoan antolatzen edo ospatzen zituzten edozein eratako ekitaldi publikoak, usadioak…

Lagun kuadrilla 1956ko San Roke egunean, ermitaren aurrean. Joxepa Usandizaga, makurtuta eskuinean ageri da (Argazkia: Andoaingo Udal Artxiboa, © Moises San Jose)

 

Urrutira gabe, Milagrosek, besteak beste, seroraren ardurak hartu izan zituen Clotilde Iturralde bizilagunarekin batera, San Roke baselizan urtetan eta urtetan. Santuaren irudia eta irudia babesten duen eraikin erlijiosoa txukun edukitzeaz aparte, Jeronimo bere anaiak Aste Santuko Gurutz-biderako 60ko hamarkadan eraiki zituen hamalau gurutzeak mimoz zaindu izan zituen, osasunak utzi izan zion bitartean.

San Roke baseliza, azken urtetan

 

San Rokeren hiru irudi, historian barrena

Makina bat xehetasunen artean, Buruntzako baselizak ezagutu izan dituen San Roke santuaren hiru irudien kronika eman ziguten jakitera Joxepak zein Milagrosek. Ez baitzen nolanahiko gertakaria izan beren belaunaldiko kideentzat.

XX. mendearen lehen hamarkadan eraiki zuten baseliza, eta orduan ipini zuten San Rokeren lehenbiziko irudia.

Hiru gazte bigarren santuari errezoan, 1963an, hura kendu eta hirugarren santua ipini aurretik. (Argazkia: Andoaingo Udal Artxiboa © Truchuelo)

 

1930eko abuztuaren 16an, lehenbiziko santua kendu, eta bigarrena jarri zuten. “Ni jaio nintzen egunean bertan, santua jarri zutela esaten zidaten etxean beti” adierazi zigun Joxepak poztasun puntu batekin.      

Azkenik, 1963ko San Roke egunean, auzotarrek hirugarren santua ipini zuten.

1963an, San Rokeren irudia, San Martin parrokian bedeinkatu eta Buruntzarako bidean daramate auzoko gazteek (aurrean, Jeronimo Ieregi eta Inazio Aranburu, eta atzean Martin Aranburu erreleborako prest) (Argazkia: Andoaingo Udal Artxiboa, © Moises San Jose)

 

Prozesioa santuarekin, baselizarako bidean, hiru txistularien (Inazio Aizpurua, Manuel Aizpurua eta Jorge Aizpurua) doinuen pean. (Argazkia: Andoaingo Udal Artxiboa, © Moises San Jose)

 

Jose Ramon Bengoetxea gurdiari tiraka doazen idiak gobernatzen, baselizarako bidean (Argazkia: Andoaingo Udal Artxiboa, © Moises San Jose)

 

Baselizaren aurrean, jende mordoa. Santuen aldaketak egundoko ikusmina piztu zuen auzotarren artean (Argazkia: Andoaingo Udal Artxiboa © Truchuelo)

 

Meza ostean, erromeria bizi eta alaia ospatu zuten, irudian ikus daitekeenez. (Argazkia: Andoaingo Udal Artxiboa © Truchuelo)

 

San Roke eguneko kantina mitikoan, jaien antolakuntzan ezinbestekoak diren gazteak. Ezkerretik hasita: Karmen Ansa, Teresita Usandizaga, Antonio Azpillaga, Iñaki Lasa, Maritxu Lasa, Inaxio Ieregi eta Maria Luisa Tolosa, 1964ko jaietan (Argazkia: Andoaingo Udal Artxiboa, © Moises San Jose)

 

San Rokeren bigarren irudia, 1963an baselizan jarri zutena eta bertan segitzen duena geroztik

 

Harrizko santu horrek, bertan iraun du egundaino. Bigarrengoari dagokionez, beheko auzora jaitsi, eta Jeneraleko baserrian eduki zuten zainduta urtetan; azken urtetan, Serorategi baserrian daukate.

2015az geroztik, San Roke eguna ez dute baselizan bertan ospatzen, Kanposantu Zaharreko zelaian edo inguruan baizik. Horretarako, bigarrengo santua Serorategitik ateratzen dute.

 

Joan den ostegunean, Gaztañaga aurrean ospatu zuten meza. Iñaki Zabaleta erretorea eta Juanita Ikutza laguntzailea, San Roke santuaren bigarren irudia ondoan dutela 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!