Frankismoko eta frankismo osteko biktimak omendu dituzte Astigarragan

Erabiltzailearen aurpegia Oroituz, Andoainen elkartea 2024ko aza. 12a, 14:03

Memoriaren Egunaren baitan, Astigarragan ekitaldi publikoa burutu zuten igandean, frankismo eta frankismo osteko biktimei aitortza egiteko. 1936ko kolpe militarraren biktimak ez ezik, 1978ko trantsizioak ezarri zuen frankismoaren krimenen inpunitatearen eskutik sortu zen estatu terrorismoaren (Triple A, BVE, GAL…) biktimak ere gogoan hartu zituzten. Ekitaldiaren gaineko argazki-sorta eta bideoa, erantsirik doaz erreportajean.

Emakumeon Plazan egin zen ekitaldia, eta hainbat biktimen senitartekoak igo ziren oholtzara, aitortza jasotzera.

Astigarragako udalak frankismoaren krimenen kontrako kereila jarri zuen Donostiako epaitegian 2023ko azaroan, eta bertan pertsonatu diren biktimen senitartekoak deitu zituzten oholtzara. Hain zuzen: 1936ko kolpe militarraren eraginez eraildako Segundo Mendiguren, Rafael Boulandier eta Leandro Lujanbioren eta 1937an zauritutako eta kartzela sufritutako Sabino Barandiaran gudariaren senitartekoekin batera, frankismo osteko estatu terrorismoak eraildako Joseba Barandiaran, Tomas Alba, Bixente Perurena eta Agustin Irazustabarrenaren senitartekoak.

Ekitaldian, Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak eta Josu Ibargutxik (Euskal Herriko Frankismoaren Krimenen kontrako Plataformaren izenean) hartu zuten hitza. Iker Goñik hiru bertso ere kantatu zituen, eta herriko txistulari eta dantzariek ere girotu zuten aitortza-ekitaldia.

Ekitaldia amaiturik, lore eskaintzak egin zituzten Joseba Barandiaran, Tomas Alba, Agustin Irazustabarrena eta Bixente Perurenaren omenez herrian dauden monolitoetan. Azkenik, mokadutxo batekin bukatu zuten omenaldia, Perurena auzoko elkartearen lokalean.

 

Ikus-entzunezkoaren estreinua, abenduaren 13an

Abenduaren 13an Orbanen egia dokumentala estreinatuko dutela iragarri zuen Urdangarin alkateak. 70 eta 80ko hamarkadako biktimen senitartekoek emandako lekukoekin osatu dute ikus-entzunezkoa. Igandean bere trailerra aurkeztu zuten. Jada 2023ko apirilean, Orri zuriak betetzen dokumentala plazaratu zuten, Astigarragan, gerra zibileko eta frankismo garaiko herriko biktimak omendu, gogora ekarri eta errekonozitzeko.

Maddalen Laburu historialariak burututa daukan gerra zibila eta frankismo garaiko (1936tik 1945era) Astigarragako biktimei buruzko ikerketa-lana du abiapuntua ikus-entzunezkoak. Ikusgai,  hemen

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!